argia.eus
INPRIMATU
Putinek anbiguetate handiz eta presarik gabe erantzun dio AEBetako menia proposamenari
  • Vladimir Putinek interesa agertu du AEBek eta Ukrainak adostu duten 30 eguneko menia epeaz, baina zalantzak ere plazaratu ditu. Funtsean, ez du presarik erakutsi akordioa sinatzeko eta denbora gehiago eskatu du zalantzok argitu ahal izateko.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko martxoaren 14a
Errusiako soldaduek dagoeneko kontrolpean dute Kurs-eko eremu ia osoa eta ukrainar soldaduak handik alde egiten ari dira. EFE

“Ideia zuzena da eta bat gatoz harekin”, esan zuen Vladimir Putinek Alexander Lukashenko Bielorrusiako mandatariarekin Kremlinean emandako prentsaurrekoan. Edozein kasutan, Putinek zalantzak agertu zituen, beldur baita Ukrainak une hau baliatzea berrantolatu eta berrindartzeko. Zalantza eta klabe nagusiak ondoko esparruetan agertu dira.

Ukrainari konkistatutako lurrak. Errusiak Ukraina inbaditu zuenean, Kiev hartu nahi izan zuen modu azkarrean, baina porrot handia izan zuen helburu horretan, eta beraz, Ukrainako ekialdeko lurretan zentratu zen. Ondorioz, eta asko kostata, lortu du bere kontrolpean izatea Donetsk, Lugansk, Kherson eta Zaporizhiako eskualdeak, gehi 2014an inbaditu zuen Krimea. Hori guztia, gutxi gorabehera Ukrainako lurraldearen %20 da, eta ez dirudi Errusia horiek uzteko prest dagoenik.

Ukrainaren berrantolaketa. Putinen esanetan, denbora horretan Mendebaldeak bertan behera utzi beharko luke Ukrainari ematen dion laguntza militarra. Moskuren ustez, halaber, Ukrainak bertan behera utzi beharko luke herritarren mobilizazio militarra. Ukrainak iragarri du jada jarraituko duela mobilizazioarekin. EBko herrialdeek iragarri dute jada jarraituko dutela bidaltzen laguntza militarra Ukrainara.

Kursk, errusiar eskualdea. Ukraina 2024ko abuztu hasieran sartu zen Errusiako eskualdean eta lur eremu zabalak hartu zituen azkar. Errusia ezustean harrapatu zuen, baina azken hilabeteetan honek egoerari buelta eman eta Ukrainako soldaduak kanporatzen ari da. Ukrainak aitortu du alde egiten ari dela eskualdetik, Volodimir Zelenski lehendakari ukrainarra argia izan da: “Behar dena egiten ari gara, gure soldaduen bizitza lehenetsi”.

Bake indarrak. Putinek honako galdera luzatu du Kremlineko agerraldian: “Nork bermatuko du menia 2.000 kilometroko gerra frontean?”. AEBek eta Ukrainak nahi dute Europako Mendebaldeko soldaduak barreiatzea Ukrainan. Frantzia eta Erresuma Batua soldaduak bidaltzeko prest agertu dira, baina Errusiak goitik behera ukatu du aukera hori, eta halakorik eginez gero helburu militar gisa hartuko dituela jakinarazi du. Egia esan, guztiz kontraesankorra da Ukraina militarki laguntzen duten herrialdeetako indarrak eta Errusia etsaitzat hartzen dutenak bertan bakegintzan aritu nahi izatea. NATOk ekialdera egin nahi izana gerraren zioetako bat denean, eta Errusiak NATOko indarrak Ukrainatik urruti nahi dituenean, NATOko indarrak bake misioan Ukrainan?

Putinek agerraldi publikoan anbiguetate handiz eta presarik gabe erantzun badu ere, Mike Waltz AEBetako bidali berezia Moskun da egunotan eta ikusi beharko dira negoziazioak zertan geratzen diren. Putinen agerraldiaren aurretik Yuri Ushakov haren aholkulariak esandakoek era oihartzun handia izan dute, nazioarteko analista ugariren ustez, Moskuren posizioa argi samar finkatzen duelako: “Su-eten hori Ukrainak arnasa hartzeko denbora besterik ez da”.