Bost eguneko iraupena izango du jaialdiak, azaroaren 5etik 11ra. Beraien proiektuekin jaialdian parte hartzeko interesa dutenek ekainaren 30a arteko epea daukate lanak aurkezteko.
“Arte lesbiko bizien hazitegia” izan nahi du Histeria Kolektiboak eta Kankaneo bikote antzerkigileak elkarlanean antolatu duten jaialdiak. Bertan, arte eszeniko lesbikoen inguruko topaketak, proiektuen erakustaldiak eta tailerrak burutuko dira. Lesbianismotik antzerkia, dantza, zirkoa, performancea, klowna edota beste edozein adierazpen artistiko lantzen dabiltzan norbanakoak ezagutzeko espazioa eraikitzea izango du helburu jaialdiak.
“Pieza berrien sorkuntza eta ekoizpenen gainean jartzen dugu fokua, gizartearen begirada murritza zabalduko duten haziak erein nahi ditugulako”, azaltzen dute antolatzaileek. Proiektuak aurkezteko oinarriak beraien webgunean aurkitu ditzake bere lana aurkezteko interesa duenak. Behin proiektuak jasotzeko epea itxita, antolatzaileek lau aukeratuko dituzte, eta lanak aurrera ateratzeko prozesuan laguntza eskainiko dute uda eta udazkenean zehar. Lanak azaroaren 9 eta 10ean aurkeztuko dira.