argia.eus
INPRIMATU
Puntueus eta Iametzaren arteko aliantza, euskarazko digitalizazioa indartzea xede
  • Lankidetza-akordioa medio, Ni.eus e-posta zerbitzua eta Labur.eus url-laburtzailea berregituratuko dituzte Puntueus-ek eta Iametza-k. Azaldu dute domeinuen eta web-zerbitzarien sektorean "enpresa-kontzentrazioa" ematen ari dela, eta zailtasun gero eta gehiago dagoela euskaraz dauden zerbitzu eta soluzioei eusteko.

     

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko martxoaren 05
Elisabeth Pombo eta Josu WaliƱo, Iametza eta Puntueus-eko zuzendariak hurrenez hurren.

"Atzerriko enpresa-taldeek tokiko enpresen jabetza eskuratu izanak erabat mugatu du erabiltzaileek produktu eta zerbitzuak euskaraz eskuratzeko aukera", diote prentsa-oharrean.

Hain justu, enpresa-kontzentrazio prozesu baten ondorioz, webguneen ostatatzea euskaraz eskaintzen zuen Guebs enpresa adibidez desagertu egin da, eta bezeroak Axarnet enpresa espainiarrera eraman dituzte. "Aldaketak arazo tekniko ugari sortzeaz gain, tratu hurbila eta euskarazkoa desagertzea ekarri du", kexu da Javi Zabala Sarean blogean: "Baina Guebseko bezerooi aldaketak sekulako buruhausteak sortu dizkigu, inoiz ikusi dudan migraziorik txarrenarekin. Arazoak arazo, kontua da, hainbatek balio erantsia ordaintzea aukeratu genuela tratu hurbila eta euskarazkoa jasotzearen truke gehixeago ordaintzeko prest egonik. Balio erantsi hura desagertu da, Axarneten oso urrun baitaude, arazoak ez dira inoiz konpontzen eta euskara... tira, euskararen arrastorik ez". Guebs-ek, besteak beste, Ni.eus-en alde teknikoa kudeatzen zuen.

Puntueus eta Iametza lehenago ere zenbait proiektutan elkarrekin aritutakoak dira, Fedibertsoko mastodon.eus instantziaren garapenean esaterako.

Puntueus-eko zuzendari Josu Waliñoren hitzetan, "Iametzarekin aliantza hau abiatzea urrats erabakigarria da gure euskal gizarte digitala indartzeko. Elkarrekin, euskaraz irtenbide berritzaileak eta seguruak eskaintzeko konpromisoa hartu dugu, gure nortasun digitala sustatuz".

Bestalde, Iametzako zuzendari Elisabeth Pombok azaldu du aliantza honek Iametzak euskal komunitateari euskarazko tresna digitalak  eskaintzeko duen helburua indartzen duela: “Iametzak urteak daramatza ingurune digitalean euskarazko egitasmoak sortzen eta sustatzen eta azken urteetan teknologia burujabetzaren bidean apustu sendoa egiten ari da. Besteak beste, Nextcloud bulego birtualeko softwarea bere bezeroei eskaintzen die eta gizartea gai honetan ahalduntzea helburu duten dibulgazio proiektuak ere baditu, Euskarabildua jardunaldia edo Hodeia Ez da Existitzen burujabetzaren kanala, esaterako”.