Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro nafarren ‘Cambium’ dokumentala.
Mundua ikusteko hamaika dira moduak eta hamaika dira kamera baten atzean jaso daitezkeen errealitateak. Punto de Vista jaialdiak handik eta hemendik, munduko bazter askotako 60 proposamen baino gehiago hautatu eta gaurtik aurrera, astebetez pantailaratuko ditu. Itsaso Etxeberria jaialdiko antolatzaileak eman ditu xehetasunak Metropoli Foralean.
Parte hartzea %10 handitu da, “900 film inguru jaso genituen Sail Ofizialerako eta hamahiru herrialdetako hamazazpi lan ikusteko aukera egongo da”, azaldu du Etxeberriak. Horien artean, hamar lan luzeak dira eta zazpi film-laburrak. Eta, bereziki nabarmentzekoa da Sail Ofizialean lehiatuko den Marina Lameiro eta Maddi Barberren lana. Bikote nafarrak Cambium estreinatuko du asteazkenean Punto de Vista jaialdian.
“Sail ezberdinak daude eta gai bati eutsi eta aukeratu ahal izateko ibilbideak lagungarriak dira”. Genero eta gaien arabera prestatu dituzte bideak ikuslea gidatzeko ahaleginetan, eskaintza “askotarikoa” baita. Hartara, adin guztiek dute tartea, “baina gazteei espazio berezia ematea guretzat garrantzitsua da”.
Zentzu horretan, bost sari izanen dira: film hoberenaren saria, zuzendari hoberenaren saria, film labur hoberenaren saria, publikoaren sari berezia eta gazteen sari berezia.
Sail Ofizialetik harago
Punto de Vistak aurten ere kontzertu eta musika emanaldien programa ondu du: hainbat kontzertu, DJ saio eta zuzeneko musika duten irratsaioak. Edu Erreak asteazkenean izango du emanaldia, Baluarten, arratsaldeko 18:00etan, eta Olaia Inziartek ostegunean. Bietarako sarrera librea izango da tokiak bete arte.
Hasi eta buka jaialdi berezia izango dela aurreratu du Etxeberriak. Ahaztutako zinemagileen bi filmek ireki eta itxiko dute Punto de Vista. Irekieran Tent City, Kubako erbestealdiari eta Estatu Batuen aldetik ‘legendariak’ egindako tratuari eskainitako pieza dokumentala; Miñuca Villaverde zuzendariaren pieza da. Itxierako dokumentala Sepioa izango da. 1996an Herbereetako Frans van de Staak zuzendariak ondutako 31 minutuko pieza.
“Edizio guztiak bereziak dira, baina datorren urtekoa are bereziagoa izango da”
Lau urtean behien jaialdiaren zuzendaritza artistikoak ere ikusmira aldatu eta lemazain berri bat aukeratzen du datozen lau urteetarako. 19. edizioa Manuel Asinek gidatu duen azkena izango da eta bere ekarpena egina du dagoeneko.
Hurrengo zuzendariak ordea, ez du erronka makala izango. Izan ere, kargua jaialdiaren 20. urteurrenarekin abiatu beharko baitu. Hala ere, ospatzeko gogoa ez da gutxi, Etxeberriak argi dio: “Edizio guztiak bereziak dira, baina datorren urtekoa are bereziagoa izango da”.