argia.eus
INPRIMATU
Punta-puntako saioan, puntuak gora
  • Saioa hasi baino ordu erdi lehenago, Altsasuko frontoira sartu eta tokirik ez apenas. Azkenean, leku ona topatu dugu, berokiak aulkien gainean utzi eta berriz atera gara frontoi atarira. Kotilleatzeko momentua da, parean tokatzen zaizunarekin saioari buruzko lehen inpresioak konpartitzeko garaia.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 14a
Gaztelumendi eta Silveira Altsasuko saioan (argazkia: Bertsozale Elkartea).

Oraindik ez da hasi eta badugu zer esana. Dena den, hori ere bada txapelketa. Bertsoei buruz hitz egin, bertsoak aditu, gehiago hitz egin, gehiago aditu, eta bat-batekotasunari buruzko bukle moduko bat sortzen da.

Sarreran, ezagun pila dago; “saio ona gaurkoa”, esan dit batek baino gehiagok. Hasi aurretik ere, pitonisa lanetan... Dena den, egia da, nahiko orokorra da saio antologikoa izateko esperantza; punta puntako seikotea izango da oholtzan.

Barruan, giroa bero. Frontoia beteta. Sarrera guztiak agortuta, beste behin ere, txapelketaren ohiturei jarraiki. Burunda pilotalekuan, burrunba handia, zarata, entzuleak porra egiten eta giro lasaia, ez da gainontzeko saioetan sumatzen zen tentsio puntu hori antzematen. Edo niri hala iruditu zait behintzat.

Bost lagun etorri gara gaur, eta eskuineko harmailan hartu dugu tokia. Bonboa ekarri duen kuadrilla baten alboan tokatu zaigu. “Pilotaleku bete bat eta guri tokatu behar bonboaren ondoan, ai ama...”, pentsatu dut; baina, gero inork ez bezala animatzen jardun dute, giroa berotzen. Ongi ba. Ez gaude mezan; ortodoxoegia naiz batzuetan. Beraz, guk ere mandarinak, pistatxoak eta pipak atera ditugu. Askariaren ordua da kasik.

Publikoaren artean marmarra. 17:30etan ez da hasi saioa. Azkenean, hamar minutuko atzerapenarekin hasi da. Gai jartzaileak hartu du hitza, eta honako bertsolariak igo dira oholtzara: Oihane Perea, Xabier Silveira, Erika Lagoma, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre.

Agurrak bota, eta saio puntuagarriari ekin diote. Zaila zait bertsoaldi guztiak gogora ekartzea, koadernotxo eta boliarekin borrokan ibili arren, uste dut onena dela, Bertsoa.com-en edo Hitzetik Hortzeran ikustea. Finean, entzuteko saioak dira, ez irakurtzekoak, eta ez dut bertso bikainen xarma transkribatzerako orduan galdu nahi. Hala ere, interneten ikusteko zenbait bertsoaldi gomendatu nahi ditut, irizpide bakar gisa nire sentsazioak hartuta.

Ofiozioka, elkarri entzun eta erantzunez

Ea ba, zortziko handian Perea eta Silveiraren lana jo dut begiz. Supermerkatu bateko bi langileen paperean aritu dira; emakume bat ikusi dute lapurretan, haurra besoetan duela. Paper bera hartu dute bi bertsolariek. Ez dute emakumea salatu nahi. “Hemen lanean gauden artean, inor ez da gosez hilko”, bota du Silveirak azken bertsoan. Ideia horrek laburbiltzen du hobekien biek hartutako bidea.

Atsegin handiz entzun ditut gainontzeko zortziko handiko bertsoaldiak ere, gustatu zaizkit lehen ofizioak. Elkarri erantzun diote, ia denek, ia bertso guztietan. Batzuetan, zalantza daukat zenbat bakarkako lan egiten den txapelketan, kartzelako lanez eta puntu erantzunez gain. Gaur ez, gaur ez dira bakarka aritu ofizioka tokatzen zenean. Ederki. Bitartean, mandarina gehiago, eta aho batez aurreikusi dugu saioak emanen duela espero genuena. Ona.

Txikian, Silveira eta Lagomaren artekoa iruditu zait onena. Xabierrek Erika argazkilaria kontratatu zuen haren ezkontza eguneko bideoa muntatzeko. Bideoa egin du Erikak eta Xabier ez da apenas azaltzen. Umorez, berriz ere. Eta, eskerrak, behar ditugu-eta barreak txapelketan. Silveiraren pasota irudia baliatuz, ofizio graziosoa. Publikoak gogoz egin du txalo, eta nik ere “Aupa nafarrak, redio!”, pentsatu dut, “Benga Xabi”, “Egurra Erika”. Eta konturatu naiz ez naizela bat ere objektiboa, eta nafarreria handia dudala.

Txikiko lanak bukatuta, puntu erantzunei eman die aurkezleak paso. Ez da egon goitik beherako erantzun borobilik, denek erantzun dute ongi, baina lehertu gabe. Tartean, pipa gehiago jan ditugu.

Hamarreko txikiaren txanda heldu da orduan. Lagoma eta Agirre gustatu zaizkit gehien. Utzi behar duen bikotearen azalean. Ez da izan maitasun erromantiko hautsiezinezkoaren zantzurik, eta  horrek bereganatu du nire arreta. Utzi nahi duen bikote baten adostasunaren isla eskertu dut. Denak ez du zertan izan gatazka. Kontrako iritziak ere entzun ditut; batzuen ustez postura berdinegia hartu dute.

Lanak bukatuta, kartzela abiatu dira bertsolariak. Inguruan ez dugu faborito argirik. Maila ona eman dute denek. Saioarekin emozionatuta dago entzuleria. Eta nik, nahiz eta hamaika saio entzun ditudan, harriduraz ikusten dut nola bildu daitekeen horrenbesteko jendetza hitzaren bueltan.

Hitza, apaingarri gehiagorik gabe, eta gizatalde oso bat gizabanakoei aditzen, isiltasun osoz. “Zeinen polita den bertsolaritza”, sentitu dut erromantikoki. Orduan, bonbo joka hasi dira ondokoak eta konturatu naiz frontoian nagoela. Aterrizatu dut. Eta ohartzerako datu pila koadernotxoan apuntatzea ahantzi zait. Gaur, zer edo zer ikasi dut behintzat: saioak entzun egin behar dira, apunterik hartu gabe.

Kartzelakoa: saioa lehertzeko unea

Hausnar egin bitartean, kartzelako lanaren unea ailegatu da. Hala esan du gaijartzaileak: “Gaia ateratzen duzun bitartean, gaia aldatzen du”. Gai zabala, polita. Helduleku mordo bat, baina norbaitek gaia ekiditen duela da gakoa. Asmatu dute, denek. Batzuek besteek baino gehiago, baina ez da egon okerrik, ezta mamira joan ez denik ere. Gaztelumendiren bertsoak bikainak izan dira, bikainak letra larriz.

Denetarik egon da, maitasuna, heriotza, sarekadak eta gaixotasunak, besteak beste. Kartzelako bertsoak beti bezain alai eta umoretsu.

Hala, hiru ordu pasa dira. Pipak, pistatxoak, fruta, txurroak eta litxarreriak hartu ditugu. Bertso pila aditu, eta entzun adina solas egin dugu. Gaztelumendik egin du lehenengo, 695,5 punturekin. Irazuk bigarren, 666,5 punturekin. Silveirak hirugarren, 652,5 punturekin. Agirrek, laugarren, 650 punturekin. Lagomak, bosgarren 622 punturekin. Eta Pereak seigarren, 602 punturekin. Denak 600 puntuetarik gora, orain arteko puntuazio altuena izan duen saioa.

Saio ona izan da, eta puntuek altu jo dute. Lehengo laurak kasik seguru pasako dira hurrengo fasera; Lagoma akaso, 622 puntu bildu ditu, eta hor nonbait ibiliko da muga. Hasi da kalkulagailuen dantza. Hurrengo zita, Legazpin, datorren larunbatean.