argia.eus
INPRIMATU
Puigdemontek “ihes egin” zuela zioten hedabideek Juan Carlos I.a “joan” dela diote orain
  • Kataluniarrek aukeratutako presidentea Belgikara joan zenean, boterearen hegalpean aritzen diren hedabideek Puigdemontek "ihes egin zuela" adierazi zuten edo "justiziari izkin egiteko ihesalditzat" jo zuten titular handitan. Orain, Francisco Francok aukeratutako errege Juan Carlos I.a leku ezezagun batera joan denean, aditzak erabat aldatu dira.

Axier Lopez @axierL Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 04a

"Profugo", huido de la justicia", "huye y deja tirada la republica catalana"... zenbat hedabidek ez zuten zalantza izpirik izan  Carles Puigdemontek 2017an Belgira joan zeneko pasartea definitzeko. Espainiako Justizia, Polizia eta Gobernuak eskura zituzten baliabide guztiak erabili zituzten, baita legez kontrakoak ere, galdeketa bat antolatzeagatik zigortu nahi zuten Kataluniako presidentea atzemateko. Kate luze horren emaitza denontzat jakina da.

Faxista batek ezarri eta 40 urtez Espainiako Errege izandakoak atzerrirako bidea hartu du egunotan. Ustelkeriaren kiratsa ezin estalirik, Espainiako eta Suitzako justiziaren ikerketapean, momentuz ezezaguna den leku batera joan da. Joan ala ihes egin? Bi horien arteko arteko muga non dagoen "argituko" dizkigute El País, El Mundo, Vocentoko El Correo zein Diario Vasco eta El Españolen ondorengo albisteek.

El Mundo Carles Puigdemontekin lotutako albiste guztietan ihesaz jarduten da: "Belgikara ihes:  Horrela azkartu zen Puigdemonten ihesaldia" edo  "Puigdemonten ihesaldiaren bost hilabeteak".  Elefanteak ehizatzen lan egiten zuen erregearen azken bidaiaz informatzeko, aldiz, askoz soilagoak dira orain El Mundokoak. "Juan Carlos I.ak jakinarazi dio Felipe VI.ari Espainatik joateko bere erabakia". Ikuspegi antzekoa erabilita, beste titular hau zabaltzea zuten 2017an: "Kataluniatik joateko erabakiaren berri eman dio Puigdemontek Junquerasi". Baina ez zen hala izan.

Euskal Herriko egunkaririk salduenen kasuan, Vocentoko El Diario Vasco eta El Correon ere aditzak aldatzen dira odolaren kolorearen arabera. Odol gorrikoak ihesean aritzen dira:

 

Odol urdinekoak, aldiz, "joan egiten" dira, besterik gabe: Juan Carlos I abandona España. Eta gainera, albistearen barruan tartea eskaintzen diote ihesaldia ez dela justifikatzeko. Horretarako, Juan Carlos I.aren abokatuaren iritzi guztiz inpartziala aipatzen dute.

El País egunkariak 2018ko apirilaren 6ean “Puigdemont iheslari bidaiariaren bost hilabeteak” titularra jarri zion politikari katalanaren bidaien kronologiari, eta argitalpen osoan “ihesa”, “Espainiako justizia saihestea” eta “iheslari” terminoak erabili zituen.

Atzerago joanda, 2017ko urriaren 5ean, “Puigdemont, Katalunia ezegonkortu duen Belgikako iheslaria” zioten. Generalitateko presidentearen erabakia hasieratik epaitu zuten: “Presidente ohiaren ihesak bere alderdiaren eta independentismoaren planak astindu ditu, eta krisi diplomatikoa zabaltzeko mehatxua egin du”.

Astelehen honetan, baina, El Paísek hizkuntza eta trataera epelagoak darabiltza borboiak egindakoaz mintzatzeko: “Juan Carlos I.ak Espainiatik alde egin du monarkia babesteko”, dio titularrean. “Errege emerituak Felipe VI.ari jakinarazi dio herrialdetik doala, atzerrian duen aberastasunari buruzko albisteek erakundeari kalte egin ez diezaioten”, diote sarreran. Joan da "babesteko" eta "kalte ez egiteko". Beste ekintza onbera bat, anaia tiroz hil zuen erregearena.

El Español hedabidea 2020ko maiatzaren 26an honela mintzatu zen Podemosen erabaki baten inguruan: “Podemosek Puigdemont iheslariak berreraikitze batzordean parte hartzearen alde bozkatu du”. Eta orain, opor giroak eraginda edo, Juan Carlos I.aren kasuaz hitz egiteko “Dominikar Errepublikan instalatu da, Fanjul familiaren abegi onarekin” dio ordea. Errege emeritua Karibeko uhartean “errefuxiatu” egin dela dio, edo besterik gabe, “Dominikar Errepublikan dago”. Juan Carlos, beste errefuxiatu politiko bat, baina oraingoan Kubako azukrearen kontura miloidun bilakatu zen multinazional baten jabearen babespean.