argia.eus
INPRIMATU
Puigdemontek dio oraindik ez dagoela independentzia aldarrikatzeko gehiengo nahikorik
  • “Independentzia prozesua hasteko gehiengoa bada, baina ez independentzia aldarrikapena egiteko”, adierazi du Carles Puigdemont Generalitateko lehendakariak TV3n ostiralean emandako elkarrizketan.

ARGIA @argia 2016ko urtarrilaren 15a
Carles Puigdemont TV3n ostiral goizean egindako elkarrizketan (Arg.: Jordi Bedmar (ACN)).

Nahasmena dago Kataluniako egungo Gobernua eta independentziaren artean. Espainiatik saldu zen hauteskundeen ondoren JxSík eta CUPek Legebiltzarrean independentzia aldarrikapena egin zutela, baina hartan prozesu hori hasi egingo zutela zehaztu zuten. Hauteskundeen ondoren, Kataluniako alderdi independentista guztiek argi adierazi zuten botoen %48 ez dela nahikoa independentzia aldarrikatzeko.

Prozesu hori Gobernuak abiarazi behar zuen eta honen osaketan egon dira kateatuta hiru hilabete JxSí eta CUP. Gobernuko lehendakaria hautatu eta gobernua eratu ondoren, honek 18 hilabete ditu prozesu konstituziogilea amaitzeko eta ondoren hauteskunde berriak deitzeko.

Puigdemontek azaldu duenez, 18 hilabeteen kontaketa orain hasten da “eta gauzak ongi egiteko denbora pixka bat gehiago behar badugu, ez dut etapa hau etengo”. Bere esanetan, erronka da iragan irailaren 27an independentismoak lortutako %47,8 gainditzea, eta orduan independentziari “bai” esan ez zionak, oraingoan Kataluniako konstituzioari baiezkoa ematea eta, beraz, Kataluniako Errublika berriari ere baiezkoa adieraztea.

Ez Felipe Erregeak, ez beste autonomia batzuetako lehendakariek ez diotela zoriontzeko deitu adierazi du Puigdemontek; ezta Mariano Rajoy funtziotako gobernuburuak ere eta “horrek oso gutxi esaten du bere lidergo politikoaren alde”. Hala ere, “ez dut inongo interesik Estatuarekiko zubiak apur daitezen”, hauek zutik mantendu behar dira, baita eszenatoki zorrotzenean ere.