argia.eus
INPRIMATU
Puigdemontek amnistia lege bat eta “independentismoa zilegi” egitea eskatu du, Sánchezekin negoziatzeko baldintza gisa
  • “Akordio historiko bat” nahiko luke JxC alderdiko buruak PSOErekin, asteartean Bruselako erbestetik jakinarazi duenez. Sánchezen inbestidura negoziatzen hasteko baldintza batzuk ezarri ditu Generalitateko presidente ohiak, eta berriro ere mahai gainean jarri du Kataluniaren independentzia.

Leire Artola Arin 2023ko irailaren 05
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi erbesteratua, Bruselan egindako agerraldian.

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak erbestetik egin du agerraldia asteartean, Bruselan, Junts per Catalunya bere alderdiko zenbait arduradunekin batera. Pedro Sánchez berriro Espainiako presidente izan dadin ezinbestekoa izango da JxC alderdi independentistaren babesa, bestela, hauteskundeak errepikatu beharko lirateke ziurrenik, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak ere ez baitu nahikoa babesik inbestidura irabazteko.

Egoera hori baliatuta, PSOErekin “akordio historiko bat” egiteko prest agertu da Puigdemont europarlamentaria, baina argi utzi du inbestidura negoziatzen hasi aurretik zenbait baldintza eskatzen dituztela: “Kataluniako independentismoaren zilegitasun demokratikoa aitortzea, independentisten kontrako bide judiziala amaitzea eta amnistia lege bat onartzea”. Gainera, eskatu du mekanismo bat ezartzeko adostutakoa betetzen dela ziurtatzeko eta bitartekaritzarako.

Gogorarazi du balizko hitzarmena ez dela edonolakoa, Juntsekin izango litzatekeelako, “Espainiako bi alderdi handiek etengabe baztertu eta mespretxatu duten” alderdiarekin. Puigdemontek gehitu du “gatazkaren elementuak” direla, besteak beste, “urriak 1eko kriminalizazioa”, hitzartutakoa ez betetzea, eta 155. artikulua aplikatzea. Procés-ean kondenatutakoentzako amnistia eskatu du Sanchezekin negoziatzeko baldintza gisa, baina azpimarratu du hori ez dela helburua, baizik eta abiapuntua, autodeterminazio erreferendum batera iristeko.

PSOEk negoziazio bideak irekita ditu, baina behin eta berriz argi utzi dute amnistiari dagokiona ez dutela onartuko. Yolanda Díaz jarduneko presidenteordea astelehenean izan zen Bruselan, Puigdemontekin PSOEren inbestidurari buruz hitz egiteko, baina Sumarreko buru gisa egin zuen bilera. Feijook “inoiz ikusi gabeko izugarrikeria demokratiko” gisa deskribatu du bilkura, eta Sánchezi eskatu dio Díaz kargugabetzeko, eta kritikatu du egin ezean Sánchez ere konplize dela. Dena den, legez, Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak ezin du ministrorik izendatu ezta kargugabetu ere.