Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen auzia laburrean ulertzeko klabe batzuk.
Auzitegi Nazionala. Badira lau urte baino gehiago Manuel García Gastejon epailea Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari dela. Bere ondorio nagusia da mugimendu horrek izaera terrorista duela eta ekintza terroristak egin zituela helburu zehatz batzuen bila. Horregatik hamabi lagun auzipetu nahi ditu, tartean Carles Puigdemont Generalitateko lehendakari ohia, eta Juntseko eurodiputatu eta liderra.
Espainiako Auzitegi Gorena. Aho batez bat egiten du García Castejón epailearen tesi nagusiarekin eta Tsunami Demokratikoa terrorismoagatik ikertzea ondo ikusten du. Bere argudioetan irakur daiteke 2019ko urrian Prat-eko aireportuaren okupazioan eta urte hartako Bartzelonako manifestazioetan legez kanpoko ekintza ugari egon zirela, hala nola, autoritatearen kontrako erasoa, hegazkin txartelen faltsutzea, ondasunetan kalte larriak eragitea, erabateko biolentzia eta kaosa sortzea, manifestazioetan kideek buru-berokiak erabiltzea aurpegia estaltzeko, tresna arriskutsuen erabilera eta lehergaien antzerako indarra zuten leherkarien erabilera, eta polizia indarren aurka era guztietako objektuak botatzea. Horiek hamaika kale istiluetan gerta daitezke, baina hori guztia norabide zehatz batean bultzatuz gero eta helburu zehatz batzuekin eginda, kale terrorismoaren izendapenean bildu daitezke. Helburuak zein ziren? Ordena konstituzionala hausteko asmoa, bake publikoa modu larrian haustea edota biztanleriaren zati batean izua barreiatzea.
Fiskaltza. Fiskaltza mugituta, Espainiako Gobernuak egin du saioa terrorismoa Kataluniako prozesu soberanistatik aldentzeko, baina ez da nahikoa izan. Carlos Conde Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak baztertu egin du Puigdemont Tsunami auzia-n ikertzea horretarako zantzurik ikusten ez duelako. Halaber, Auzitegi Gorenak auzi hori epaitzeko eskumenik ez duela irizten dio eta horregatik, Puigdemonten kasua auzia Auzitegi Nazionalera itzultzea eskatu dio. Bistan da, azken epaiarekin, Gorenak ez dio kasurik egin.
Ikertuak. Carles Puigdemont eurodiputatua eta Rubèn Wagensberg Kataluniako Legebiltzarreko parlamentaria (ERC) Auzitegi Nazionalean ikertu beharko lituzkete forudunak direlako. Honako beste hamar pertsonak Auzitegi Nazionalean: Oriel Soler, Xavier Vendrell, Marta Molina, Josep Campmajó, Jesús Rodríguez, Jaume Cabaní, Oleguer Serra, Marta Rovira, Josep Lluís Alay eta Nicola Flavio. Horiei buruz Auzitegi Gorenaren ebazpenak dio berdin dela delituaren egilea talde bat izatea, edo erakunde bat edo hainbat pertsona, edo bakarrik edo taldean aritzea; berdin dela horiek ez egotea erakunde edo talde terrorista zehatz batzuetan, errudunak izan daitezkeela haien helburuekin bat egiten badute, helburu horiek zigor kodeko 573.1 artikuluan finkatzen direnak modukoak baldin badira.
“Dena da Tsunamia”. Aipatutako irakurketa oso antzekoa da Espainiako Estatuak ETAri aurre egiteko XXI. mende hasieran indarrean jarri zuen “Dena da ETA” doktrinarekin. Tsunami Demokratikoa mugimendua 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik auzipetutakoei emandako zigor gogorrari erantzuteko sortu zen 2019ko irailean. Ez zaio buruzagirik edo bozeramailerik ezagutu eta borroka ez-biolentoa eta desobedientzia zibilean oinarritu da. Kataluniako mugimendu soberanista osoak oso nabarmen egin zuen bat haren ekintzekin. Castejón epaileak, adibidez, terrorismo zantzuak ikusten ditu Jean Claude Scherzinger frantziar herritarrak Prat aireportuaren okupazioaren egunean izandako bihotzekoan; Guardia Zibilaren arabera, Tsunamiren blokeoak ordubete atzeratu zuen hura ospitalera eramatea.
Testuingurua. Kasualitate gisa, Auzitegi Gorenaren epaia justu atera da PSOEren eta Juntsen Amnistia Legearen negoziazio bete-betean. PSOEk behartuta, Amnistiaren Legeak terrorismo delituak amnistiatik kanpo utzi zituen. Horren arabera, orain ikertuko diren guztiak edo Tsunamiko edo CDRetako beste dozenaka lagun ere amnistia legearen kanpo gera daitezke. Hori dela eta, urtarrilaren 30ean Juntsek ezezkoa eman zion legeari. Ondorioz, Espainiako Gobernua ere kolokan gera daiteke Junts-en diputatuak funtsezkoak direlako Pedro Sánchezen Gobernua eror ez dadin.