argia.eus
INPRIMATU
Puigdemont presidente izateko akordioa lortu dute Junts per Catalunyak eta ERCk
  • Puigemont presidente izateko akordioa lortu dute ERCk eta Junts per Catalunyak, RAC1 irratiak aurreratu duenez.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 10a
Bruselan egindako afari batean lortu dute akordioa Puigdemontek eta Rovirak.

Carles Puigdemontek eta Marta Rovirak astearte gauean Bruselan egindako afari batean lortu dute akordioa, irrati kataluniarraren arabera.

Akordioaren arabera, Puigdemont izango da Kataluniako Generalitateko presidente eta Parlamentuko mahaian gehiengo independentista izango da. Horrenbestez, En Comú Podem-eko ordezkaririk ez litzateke egongo legebiltzarreko mahaian.

RAC1ek informatu duenez, mahaiko presidentzia ERCko ordezkari baten esku geratuko litzateke segur aski.

Akordioak azken asteetan Bartzelonan eta Bruselan egin diren negoziazio eta elkarrizketei amaiera emango lieke eta parlamentua osatzeko blokeoa gainditzea ekarriko luke.

Hurrengo urratsa Parlamentuko mahaia osatzeko bozketa izango da, astebete barru. Urtarrilaren 31n egingo da presidente berria izendatzeko saio parlamentarioa.