2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.
Kataluniako presidente ohi eta Junts per Catalunyako buru Carles Puigdemontek Kataluniara itzuliko dela iragarri du sare sozialen bitartez zabaldutako bideo batean. Puigdemontek adierazi du Kataluniako parlamentuak diputatu guztiei deitu dienez abuztuaren 8ko Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako, berak ere "egon nahi eta behar" duela, eta horregatik erabaki duela erbestetik Kataluniara itzultzea. "Normaltasun demokratikoko baldintzetan, ni bezalako diputatu batek bilkurara joateko asmoa iragartzea beharrik eta garrantzirik gabekoa izango litzateke. Baina gureak ez dira normaltasun demokratikoko baldintzak", salatu du Puigdemontek, bera eta diputatu Lluís Puig "libreki" ezin direla joan esatearekin batera.
Bera eta Puig "libreki" joan ezina bi ideiatan arrazoitu du Kataluniako presidente ohiak: batetik, "jazarpen luze baten aurrean" daudelako “kataluniarrei autodeterminazio erreferendumean bozkatzen uzteagatik”; eta bestetik, “Auzitegi Gorenak uko egiten diolako onartuta eta indarrean dagoen amnistiari buruzko legea betetzeari”. Amnistia Legea ez onartzearen aurrean, Espainiako Auzitegi Goreneko epaile batzuen “matxinada-jarrera” aipatu du. Azpimarratu du “erronka horri aurre egin behar” zaiola, eta “normaltasun demokratikorako errepresio politikoaren amaiera baino beste biderik ez dagoela”.
Atxiloketaren arriskua aipatu du bideoan, eta salatu du “arbitrarioa eta ilegala” izango litzatekeela. Atxiloketa adierazi du ez litzatekeela izango “independentistak direlako, demokratak direlako” baizik. Consell de la República Catalanak abuztuaren 8rako Puigdemonten harrera instituzionalera deitu du goizeko 08:00etarako, Bartzelonako Passeig de Lluis Companysen.
Espainiako Gobernua kritikatu du Puigdemontek, esan du ez dirudiela “Espainiako Gobernua oso kezkatuta dagoenik”, eta Kataluniako etorkizuneko gobernuarekin “berdin izango dela axolagabe”.
Tsunami auzia artxibatzetik hilabete batera
Puigdemonten erabakia Espainiako Auzitegi Gorenak Tsunami auzia artxibatzetik hilabete baten ondoren izan da gutxi gorabehera, uztailaren 8an izan zena. Apelazio aretoak esan zuen baliogabetu egin behar zirela Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, “ilegalki” luzatu zirelako.
Horren ondorioz, Kataluniara itzuli ziren ERCko idazkari nagusi Marta Rovira, ERCko diputatu Ruben Wagensberg, Òmniun Culturaleko Oleguer Serra, enpresari Josep Campmajó eta Directa-ko kazetari Jesús Rodríguez, Tsunami auziko inputatu erbesteratuak, ARGIAn irakur daitekeenez.