Kataluniako Biltzar Nazionalak, ohar batean adierazi du abenduaren 21eko hauteskundeen ondoren Carles Puigdemont onartuko duela soilik presidente gisa. Polemika sortu du adierazpenak.
Ostegunean Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte. 155. artikulua baliatuz Espainiako Gobernuak deitutako hauteskundeak dira. Alderdi eta eragile independentistentzat, ez dira hauteskunde legitimoak, hala ere, parte hartze erabaki dute guztiek.
Erreferendumaren bigarren itzuli gisa saldu nahi izan ditu hauteskundeak Carles Puigdemont Kataluniako presidente legitimoak, Espainiako Gobernuak kargugabetuak, hala zioen duela pare bat aste egindako adierazpenetan. Hauteskundeetara aurkezterako orduan ordea ez diote kutsu berezirik eman independentistek. Alderdi bakoitza bere aldetik aurkeztu da, nahiz eta hasiera batean zerrenda bateratuaren alde egin zuten zenbait sektorek, ANCk kasu.
Carles Puigdemont presidentea Junts Per Catalunya zerrendaren burua izango da. PDeCat alderdiak babestutako zerrenda, baina alderditik kanpo dagoen jendeak osatua. Hasiera batean ERC bazen ere bozetarako faboritoa, azken asteko inkestek, presidentearen zerrendaren gorakada erakutsi dute.
Independentistek bozak irabazi ezkero, presidentea nor izango den bihurtu da azken orduetan polemika. ANCk ohar bat kaleratu du, bertan, presidente gisa Puigdemont bakarrik babestuko duela adierazi du. Elkarte independentistak argudiatu du, osteguneko hauteskundeak ez direla legitimoak eta beraz, 2015eko irailaren 27ko hauteskundeen ondoren ezarritako presidentea onartuko duela, haiek izan baitziren legitimoak. Hiru hautagaitza independentistak babesten dituela ere gogorarazi du.
ERCk Junqueras nahi du presidente, nahiz eta hauek ere, hauteskundeak ez direla legitimoak dioten. CUPek ez du adierazi bere jarrera, hala ere, edozein hautagai babesteko oinarria, urriaren 1eko mandatua bete eta Errepublika inplementatzea izango dela aurreratu du CUPek. ANCk ere hala eskatu die gainerako alderdiei. Errepublika egonkortzea, gobernu legitimoa berrezartzea eta prozesu konstituziogile abiatzea.