argia.eus
INPRIMATU
Puigdemont Kataluniara itzultzeko aukera indarra hartzen ari da
  • Asteartean 15:00etan hasiko Kataluniako presidentea aukeratzeko saioa Parlamentuan. Oraindik ordea, Carles Puigdemontek zer egingo duen ez dago argi, Auzitegi Konstituzionalak asteburuan hartutako erabakiak, zaildu egin baitu bere inbestidura.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 29a
Arg: ACN

24 ordu inguru falta dira Kataluniako Parlamentuan presidentearen inbestidura saioa hasi dadin eta oraindik ez dago ezer argi. Espainiako Gobernuak, Carles Puigdemont JxCATeko zerrendaburua inbestitzeko saioaren aurkako ekinbide judiziala ireki zuen aurreko astean, Auzitegi Konstituzionalari Puigdemonten hautagaitza bertan behera utzi zezan eskatuz.

Konstituzionalak ordea, erdi bideko erabakia hartu du. Puigdemont hautagai izan daiteke, baldin eta, inbestiduraren momentuan parlamentuan fisikoki badago eta horretarako Llarena epailearen baimena baldin badu. Asteburuan indarra hartu badu ere Kataluniako presidente legitimoak Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileari saioan egoteko baimena eskatzearen aukerak, Puigdemonten abokatuak adierazi du aukera hori ia albo batera utzia dutela.

Junts Per Catalunyak Puigdemonten aukera du bakarrik mahai gainean, hala adierazi dute asteburuan zehar egindako adierazpenetan. Presidente izatea ukatuko baliote, auzia Europara eramango du zerrenda independentistak. ERCren baitan ordea, entzun dira bestelako ahotsak.

Joan Tardà Espainiako Kongresuan ERCren bozeramaileak, La Vanguardia egunkariari eskainitako elkarrizketan adierazi zuen “Puigdemont sakrifikatu behar bada sakrifikatu egingo dutela”. Adierazpen horiek hautsak harrotu dituzte eta ERCren bozeramaileak prentsaurrean argitu du Puigdemont dela mahai gainean duten aukera bakarra.

CUPek berriz ez du Puigdemont ez den beste hautagairik onartuko. “Espainiako Estatuak ezin du erabaki nor izan daitekeen Kataluniako Presidente eta nor ez”, adierazi zuen Carles Riera alderdi antikapitalistaren zerrendaburuak. Puigdemont izendatzeko ez bada CUPek ez du inbestidura saioan parte hartuko.

Diputatu aktari uko

Igande gauean eman zuten albistea erbestean daude lau kontseilarietatik bik eta goizean eman du hirugarrenak. Kataluniako parlamentari aktari uko egin diote Lluís Puig i Gordi eta Clara Ponsati JxCATeko diputatuek eta Meritxell Serret ERCko diputatuak. Parlamentuan gehiengo independentista mantentzeko hartutako erabakia dela adierazi dute.