Kataluniaren independentziari buruzko erreferendumaren harira, estatu demokratiko serio batean Espainiako Gobernuaren jarrera onargarria ote den galdetu du Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak Europako Parlamentuan. Auzi horretan “Europak irtenbidearen parte izan behar duela” adierazi du, eta ezin dituela begiak itxi errealitate horren aurrean.
Erreferenduma herritarren nahia ezagutzeko mekanismorik “argiena, indartsuena eta onartuena” dela esan du Puigdemontek Bruselan. Haren ustez, auzi horretan jokoan dagoena ez da independentzia, demokrazia baizik. Hori dela eta, Europaren arazoa ere badela azpimarratu du presidenteak, eta horrenbestez, “ezin duela beste leku batera begiratu”.
Katalunian independentziaren aldeko jarrerak nabarmen egin du gora, presidentearen hitzetan: “Milioi eta erdi pertsona irten dira kalera Diada egunean. Eta ez behin, sei aldiz baizik”. Horrez gain, Kataluniako Parlamentuan ere igoera hori islatu dela azaldu du, duela bost urte hamalau diputatu independentista baitziren, eta orain 72, Legebiltzarreko gehiengoa.
Galdeketa bat adosteko bost bide proposatu ditu Kataluniako Gobernuak. Puigdemontek esan duenez, Madrildik erantzunik jaso ezean, herritarrek emango diote balioa erreferendumari. Horrez gain, balizko independentziaren ostean Katalunia Europar Batasunaren parte izatea aldarrikatu du.
Jordi Sole (ERC), Josep-Maria Terricabras (ERC) eta Ramon Tremosa (PDeCAT) eurodiputatuek antolatu dute ekitaldia, eta bertan aritu dira hizketan Carles Puigdemont, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordea eta Raul Romeva Generalitateko Atzerri Kontseilaria.