Igandean atxilotu dute Carles Puigdemont Kataluniako presidentegaia, eta Neumuensterreko kartzelan jarraituko du behinik behin, euroaginduaren inguruko erabakia hartu arte. Schleswig-Holsteingo Fiskaltzak esan du ez dela “probablea” aste honetan bertan erabakirik hartzea.
Espainiako Fiskaltza Nagusiak Puigdemonten auziaren dokumentazioa helarazi zion Schleswig-Holsteingo Auzitegi Gorenari astelehenean, eta auzitegiak 60 eguneko epea du —90 egunera luzatu daiteke— estradizio eskaera onartuko duen ala ez erabakitzeko.
Alemaniak bere zigor kodean jasotzen du “goi traizioa”, Espainiako Estatuko matxinada delituaren baliokide gisa interpreta daitekeena, eta horrek egoera zaildu diezaioke Puigdemonti. Bestalde, Alemaniako kantziler Angela Merkelek harreman ona izan du Espainiako Estatuarekin, eta orain arte ez du zalantzan jarri Rajoyk independentzia prozesuarekin izan duen jarrera oldarkorra.
Presidentea hautatzeko presa
Jordi Turull presidentegai zenaren espetxeratzeak bigarren inbestidura saioa zapuztu zuen, eta Kataluniako parlamentuak erlojuaren kontra dihardu presidentea izendatzeko. Izan ere, maiatzaren 22aren aurretik ez badago inbestidurarik, parlamentua desegingo litzateke eta berriro hauteskundeetara deitu.
Testuinguru honetan, JxCat-ek Puigdemont inbestitzeko proposamena luzatu du eta CUP ere ados dago horrekin. Alabaina, ERCk ez du Kataluniako parlamentuko presidente Roger Torrent arriskatzerik nahi, parlamentuaren legeak moldatu eta inbestidura ez presentziala egiteagatik Espainiako Gobernuak eman dezakeen erantzunaren beldur. Kontrara, ERCk nahiago du presidentegai berri bat hautatzea.