argia.eus
INPRIMATU
Puigdemont inbestiduraren zurrunbiloan
  • Azken egunotan etengabeko mugimenduak egiten ari da Carles Puigdemont Kataluniako presidentetzarako hautagaia. Goizean, bertan behera utzi du botoa delegatzeko eskaera. Zoidok adierazi du mugetako kontrola indartu dutela.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 23a
Arg: Jonathan Nackstrand / AFP

Kataluniako presidentea izendatzeko inbestidura saiorako gero eta gutxiago falta da, oraindik data zehatzik ez badakigu ere, urtarrilaren 31n amaituko da aurreneko saiakera egiteko epea. Astelehenean Roger Torrent Kataluniako parlamentuko presidenteak Junts Per Catalunyako zerrendaburu Carles Puigdemont proposatu zuen presidentetzarako hautagai gisa.

Azken orduetan ugaritzen ari dira Puigdemonten mugimenduak. Atzo, esaterako, Espainiako zenbait agintarik igorritako mehatxuari aurre egin eta Danimarkan izan zen, Kopenhageko Unibertsitatean hitzaldi bat ematen. Euroagindua berriz aktibatzeko eskaera egin zion fiskaltzak Llarena epaileari, honek ordea ez zuen onartu. Epaileak argudiatu zuen, atxilotuz gero Puigdemontek inbestidurara aurkezteko aukera izango zukeela, Oriol Junquerasi eta espetxean dauden gainerako diputatuei botoa delegatzeko eskubidea onartu baitiete.

Astearte goizean elkartu da parlamentuko mahaia boto delegatuaren inguruan erabakitzeko. Mahaia bilduta zegoela iritsi da azken albistea. Puigdemontek uko egin dio, gaur gaurkoz, botoa delegatzeari. Aurrerago ere egin dezake eskaria. Aldiz, erbestean dauden JXCateko beste bi diputatuek eskera mantendu dute. Mahaiak atzeratu egin du erabakia.

Puigdemonten erabakiak, hipotesi ugari zabaldu du. Gero eta hedabide gehiago dira, Kataluniako presidente legitimoak inbestidura saiora agertzeko asmoa buruan duela diotenak. Oraindik ordea ez dago horren inguruko baieztapen ofizialik. Juan Ignacio Zoido Espainia Barne Ministroak ere hitz egin du gaiaz. Mugetako kontrola indartu dutela adierazi du: "Autoetako maleteroak ere begiratuko ditugu". Puigdemont parlamentura iristea ekidingo dute edo behintzat saiatuko dira.

Bitartean Puigdemont Danimarkako parlamentuan da, zenbait diputaturekin bilerak egiten ari da. Datozen egunetan argituko da zertan amaituko den inbestiduraren zurrunbiloa.