argia.eus
INPRIMATU
Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik
  • Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 07a

Pedro Sanchezen inbestidurako Junts eta PSOEren arteko negoziazio betean, Kataluniako Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemont eta ERCko idazkari nagusi Marta Rovira inputatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, “Tsunami Democratic” mugimenduaren kontrako ikerketaren harira. Mugimendu horrek deituta, 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da epailea. Kataluniako independentzia prozesuan parte hartu zuten beste hamar pertsona ere inputatu dituzte, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia lekuko gisa deitu dute.

Argitara ateratako ebazpen judizialean Manuel Garcia-Castellon epaileak argudiatu du “egiaztatuta” dagoela Carles Puigdemontek Genevan (Suitza) 2019ko abuztuaren 29an eta 31n egindako bilkuretan parte hartu zuela, eta beraz, gaineratu du “borondatez deklaratzeko” aukera eskaini behar zaiola: “Puigdemont zitatzea beharrezkoa da ekintzen inguruan esateko daukana entzun dadin”.

ERCrentzat, alderdiko idazkari nagusia inputatzea erabaki “aberrantea” da, alderdiaren X sare sozialeko kontuan jakinarazi duten modura. “Estatuko botere erreakzionarioen erreakzioa da amnistiaren aurka”, azpimarratu du. Puigdemontek ere hitz-egin du erabaki honen aurrean: “Estatu kolpe iraunkorra da”.

Fiskaltzaren helegitea

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, bere aldetik, jakinarazi du Garcia-Castellon epailearen autoaren aurkako helegitea aurkeztuko duela, “Tsunami Democratic” mugimenduaren jarduera “terrorismo delituarekin bat ez datorrela” argudiatuta. Gainera, Zigor Kodearen erreformaren ondorioz “sedizioa” desagertu denez, auzia “desordena publikoengatik” Bartzelonako epaitegietan epaitu behar dela ondorioztatu du.

Arnaldo Otegi lekuko gisa

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia lekuko gisa izendatu du auzitegiko epaileak, 2019ko urtean Rovirarekin Genevan egindako bilkura baten inguruko “argibideak” eman ditzan. Otegik salatu du inputazioak eta lekuko gisa deitzea ez direla kasualitatea, eta erru guztia “estatu sakoneko sektoreei” egotzi die.