argia.eus
INPRIMATU
Puigdemont eta Comin ez dira eurodiputatu izango momentuz
  • Europar Batasuneko justiziak ez du onartu bi erbesteratuek proposatutako kautelazko neurria. Europako Legebiltzarra asteartean osatzen da Estrasburgon, eta independentismo katalana parean mobilizatu da. Ikuskizun dago Puigdemont bertan izango den.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 02a
Puigdemont, aurreko agerraldi publiko batean. Argazkia: Elnacional.cat.

Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak ez ditu aintzat hartu eurodiputatu bezala aritu ahal izateko Carles Puigdemontek eta Antoni Cominek eskatutako kautelazko neurriak. Maiatzaren 26ko hauteskundeetan eurodiputatu aukeratu zituzten herritarrek Comin eta Puigdemont erbesteratuak. Gerora ez zituzten Espainiako Hauteskunde Batzordean diputatu aktak tramitatu, atxilotuak izateko arriskuaren aurrean. Ondorioz, Europako Legebiltzarrak ez ditu eurodiputatu bezala onartu. Erabaki horren aurkako helegitea jarri dute bi politikari katalanek, tramitera onartua izan dena. Bigarren helegite bat ere aurkeztu zuten iragan ostiralean, aurrekoa ebatzi bitartean eta kautelaz eurodiputatu aritu ahal izatea eskatuz. Azken eskaera horri ezetza eman dio epaitegiak astelehenean. Sakoneko auzia, dena den, aurrerago ebatziko da.

Oriol Junqueras ere Europari begira dago. Espainiako Auzitegi Gorenak Europar Batasuneko Justizia Epaitegiari galdetu dio eurodiputatuen immunitatearen ezaugarriez. Junquerasen defentsaren eskaera da, Gorenak eurodiputatu akta jasotzea debekatu eta gero.

Mobilizazioa Estrasburgon

Asteartean Europako Legebiltzarra osatzen da Estrasburgon (Frantziar Estatua). Hori dela eta, Kataluniako Errepublikaren Kontseiluak mobilizazioa deitu du eraikinaren aurrean, preso politikoei eta Kataluniako herritarrak aukeratutako eurodiputatu preso eta erbesteratuei babesa adierazteko. Milaka independentista hasi dira batzen goizeko lehen ordutik.

Antoni Comin eta Carles Puigdemont astelehen gauean hurbildu ziren Belgikar eta Frantziar Estatuen arteko mugara, mobilizaziora batzeko asmoz. Elnacional.cat-ek jaso duenez, polizia espainiarren presentzia handia da mugan eta Estrasburgon, eta Puigdemonten abokatu Gonzalo Boyek adierazi du zuhurtziaz jokatuko dutela “arriskuak ekiditeko”.