argia.eus
INPRIMATU
Puigdemont eta Comín-en aurkako euroagindua bertan behera utzi du Belgikako justiziak
  • Europako Parlamentuko diputatuek duten immunitatean oinarrituta hartu du erabakia Belgikako justiziak, eta bi europarlamentariei jarritako behin behineko neurriak ere bertan behera utzi ditu.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 02a
Comín eta Puigdemont, euren europarlamentari agiria jasota. (Arg.: ACN)

Buruzagi independentista katalanak Espainian espetxeratzeko Pablo Llarena epaileak emandako hirugarren euroagindua zen, urriaren 14an buruzagi independentisten aurkako epaia jakin ondoren eskatutakoa. Lehen azterketan Belgikako justiziak libre utzi zituen Carles Puigdemont eta Toni Comín, bi neurri ezarriz: beti lokalizatuta egotea eta baimenik gabe herrialdetik ateratzeko debekua.

Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren, ordea, biak europarlamentari hautatu zituzten eta harrez gero dantzan ibili da haien parlamentario izatea eta, beraz, immunitatea. Otsailaren 3an Belgikako justiziak hortaz ebazteko auzi-saioa zuen, baina abenduaren 19an iritsi zen Europako Justizia Auzitegiak Oriol Junquerasen alde emandako epaia eta horretan oinarritu da orain Belgikako justizia euroagindua bertan behera uzteko.

Euroagindua berriz abiarazteko Europako Legebiltzarrak immunitatea altxa beharko die. Ordura arte Puigdemont eta Comín herritar libreak dira Belgikan.