argia.eus
INPRIMATU
Puigdemont Espainiari entregatzeko eskatu du Belgikako Fiskaltzak
  • Politikari katalanaren abokatuak astelehenean eman zuen Belgikako Fiskaltzaren asmoen berri. Epaileak onartu egin du bista atzeratzeko Puigdemonten defentsaren eskaria, eta abenduaren 16ra gibeleratu dute.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 29a
Carles Puigdemont (Argazkia: Dani Blanco)

Carles Puigdemont atxilotzeko euroagindua berraktibatzeko eskatu du Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak, Kataluniako presidente ohia Espainiari entregatu diezaioten bilatuz. Agidanez, Belgikako Fiskaltza Llarenarekin lerratu da, eta honen eskaria Bruselako lehen auzialdiko auzitegira eraman du asteartean.

Espainiako justiziak Puigdemonti leporatutako delituengatik —sedizioa eta diru publikoa bidegabeki erabiltzea— estraditatu nahi dute, politikariaren abokatu Paul Bekaert-ek Europa Pressi jakinarazi dionez. Bista atzeratzeko eskatu du Bekaertek, defentsa prestatzeko denbora irabazi asmoz. Kasuaren konplexutasuna eta dossierra aztertzeko izandako denbora murritza argudiatu ditu. Abokatuaren eskaria onartu egin du epaileak, eta bistarekin aurrera egiteko data abenduaren 16ra atzeratu du, El Nacionalek jakinarazi duenez.