Igande goizean atxilotu du Alemaniako poliziak Carles Puigdemont, Danimarkatik Alemaniara autoz sartu den unean, Finlandiatik Bruselara itzultzen ari zenean. Espainiak atxiloketarako emandako euroagindua bete du horrela Alemaniak eta orain estradizio prozedura jarriko da martxan.
Albistea ezagutu ahala protestak areagotu egin dira Katalunia osoan. Berez, mobilizazio ugari ziren deituta gaurko ostiralean izandako bost agintarien atxiloketengatik, eta Puigdemonten atxiloketa ezagutu denean Katalunia osoan mobilizazio gehiago deitu dituzte.
Puigdemont lehendakaria bihar goizean pasatuko da epailearen aurretik eta honek erabaki beharko du libre uzten duen kautelazko neurriekin edo behin-behineko espetxeratzea agintzen duen. Ondoren, Alemaniako auzitegi batek erabaki beharko du Espainiatik egin zaion estradizio eskaerari buruz, aztertuz Espainiak leporatzen diona eta ea Alemaniako legeekiko egokia den ala ez. Ez da espero Belgikan bezala luzatzea estradizio eskaera eta erabakia egunetako kontua izan daiteke. Beste iturri batzuen arabera, 3 hilabete iraun dezake prozesuak. Puigdemont, halaber, aztertzen ari da asilo eskaera egitea, baina ez omen litzateke erraza beru lortzea. Espainiako Gobernuak, halaber, atxiloketa agindua eman du erbestean diren kontseilarientzat eta Marta Roviraren aurka.
Katalunia osoan izaten ari dira mobilizazioak, handiena Bartzelonan. Gracia Pasealekuan, esaterako, hamarnaka mila pertsona bildu dira. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean tentsio handia egon da Mossoak eta manfestarien artean eta uneren batean karga batzuk ere izan dira. Bi pertsona atxilotu dituzte eta 17 bat zauritu arinak izan dira, gutxienez. Horrez gain, errepide mozketak ere izan dira hainbat tokitan.
Egoerari erantzuteko zer egin pentsatzen ari dira alderdi eta elkarte independentistak eta hiru aukera bederen indarrez entzuten ari da: greba orokorra eta Puigdemont lehenbailehen lehendakari izendatzea. Junts Pel Sí eta CUP aukera honen aldekoak direla iragarri dute.