argia.eus
INPRIMATU
Publikoari gorroto lanak irabazi du Donostia Antzerki Saria
  • Publikoari gorroto antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Sariaren 13. edizioa. 1985. urtean Xabier Mendiguren Elizegik idatzitako obra Huts Teatroa antzerki taldeak antzeztu du azken hilabeteetan.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko martxoaren 07a
'Publikoari gorroto' obraren une bat (Argazkia: arranbela.blogspot.com)

Donostiako Udaleko kultura zinegotzi Nerea Txapartegik azpimarratu du “antzerkiaren inguruko gogoeta zirikatzailea” dela. Saria hilaren 27an, antzerkiaren nazioarteko egunean, jasoko dute Victoria Eugenia aretoan.

Donostia Antzerki Sariak euskarazko urteko antzezlan onena saritzen du. Aurten, hamahiru lan aurkeztu dira, inoiz baino gehiago, eta 41 emanaldi izan dira guztira.

Publikoari gorrotok gogoeta egiten du antzerkiaren gaineko hainbat alderdiri buruz. Epaimahaiak dioenez, “ikuslearen eta rolen analisia eta antzerkiak gizartean duen zeregina” era probokatiboan irudikatzen ditu.

Antzezlaneko zuzendari Manex Fuchsek eta Ander Lipus aktoreak nabarmendu dute euskal ikusle kopuruak gora egin duela, eta eskerrak eman dizkiete obraren parte izan diren guztiei.

Saria irabazteagatik 10.000 euro eta Jose Luis Zumetaren obra bat jasoko dituzte. Halaber, Lapurdiko Harri Xuri antzerki espazioa erabili izan ahalko dute lan berri baten prestaketarako.

 

Informazio gehiago: Oier Guillanek ARGIAren 2345 zenbakian obrari buruz idatzitako artikulua: "Teatroa maitatzeko"