Ekainaren 13an hasiko da Oreretako Eztena antzerki eta dantza jaialdia. Hiru egunez, hamahiru taldek hartuko dute parte Mikelazulo elkarteak antolatu duen ekimenean. Laugarren edizioa da aurtengoa eta hainbat disziplina bilduko ditu: antzerkia, txontxongiloak, bakarrizketak, dantza garaikidea eta musika.
El Patio taldearen txontxongiloek emango diote jaialdiari hasiera ostegun arratsaldean eta Huts Teatroaren Publikoari Gorroto antzezlan sarituarekin amaituko da (igandean, 19:30tan Errenteria Hiria Kulturgunean). Ekitaldi guztiak doakoak dira baina, 10 edo 20 euroko laguntzaren truke, “Eztena kide” egin eta sortzaile zein antolatzaileekin uneak konpartitzeko aukera dago.
Eztenaren helburua ohiko zirkuito eta programazioetan ikusten zailak diren lanak erakutsi eta kultur gogoetarako espazioak sortzea da. Aurten, ZIZT! ekimenaren bitartez, hilero formatu txikiko lanak programatzen hasi dira Mikelazulon, jaialdiaren filosofia urte osora zabalduz.
Egitaraua eta informazio gehigarria aurki daitezke antolatzaileek sortu duten webgunean.