Iraila erdialdean bizitu zen alderdi sozialistako sektore ezberdinen arteko talka, eta arrakala handiagotu egin da aste honetan, alderdikideen adierazpenek eta dimisioek eraginda.
Zatiketaren ertzean da Espainiako alderdi sozialista, exekutibako 17 kidek dimisioa aurkeztu ostean. Hauteskunde orokorren ostean irekitako arrakala are handiagoa bilakatu dute EAE eta Galiziako emaitzek, Pedro Sánchezekin kritiko direnek PSOEko Idazkari Nagusia botatzeko baliatu ostean. Hona egoera ulertzeko bost gako:
Adierazpenen gerra
Irailaren 12an Fernandez Varak egindako adierazpen batzuek bizitu zuten aurretik piztutako sua. Extremadurako presidentearen arabera, “PSOE eta Espainiarentzat txarrak” lirateke beste haustekunde batzuk. Komite Federala deitzeko beharra azpimarratu, eta ados agertu ziren Ximo Puig eta Emiliano García-Page. Susana Díaz –PPri “oposizio baliagarria” egitearen alde– , Eduardo Madina, Elena Valenciano eta Carme Chacónek babesa adierazi diete. Bere aldetik, Alfredo Pérez Rubalcaba idazkari nagusi ohiak alderdiak bizi duen “giro itogarria” salatu du.
Sánchezen erantzuna
Aste batzuk isilik eman ostean, Komite Federalari gobernua osatzeko baimena eskatu asmo duela dio Sánchezek, urriko hauteskunde primarioak eta abenduko kongresua alboratuz. Bien bitartean, Javier Lamban alderdiaren Aragoiko buruak bat egiten du García-Pagerekin, “independentistak gako liratekeen” gobernu alternatiba ezin dutela bilatu esanez.
Zenbait lurralde ordezkarik ere ez dute ontzat ematen Unidos Podemos eta alderdi euskaldun nahiz kataluniarrekin gobernua osatzeko aukera, baina EAEko eta Galiziako hauteskundeak igaro arte zain egotea erabaki dute.
Sánchezen eta lurraldeetako ordezkarien arteko talka agerikoa da. Francesca Armengol, salbuespentako bat, Sánchezen alde agertu da. Idazkari Nagusia primarioen eta kongresuaren aukera aztertzen hasi da.
Hauteskundeetan, sozialisten porrota
Alderdiaren barruko borroka piztuta, EAE eta Galiziako hauteskundeak gako bihurtzen dira PSOEren etorkizunerako. Emaitza eskasak lortu dituzte sozialistek bi bozetan: EAEn, laugarren indarra izatera igaro dira, hamasei eserlekutik bederatzira jaitsita. Galizian, aldiz, En Marea koalizioak aurrea hartu eta hirugarren alderdia bilakatzen da.
Emaitza hauen aurrean, Sánchezek dimititzeko aukera baztertu eta komisio iraunkorraren bilera deitzen du astelehenerako. Bere asmoa, urriaren 23rako PSOEren zuzendaritzarako hauteskunde primarioak deitzea. Hala, erabakia urriaren batean hartu beharko du Komite Federalak: Pedro Zeroloren heriotzak eta bi kideren bajak 35 kidetan utzi duen taldean lehia estua aurreikusten da.
Elkarrizketak, hausturaren erakusle
Sánchezek asteartean Cadena Ser irrati katean azaldu duenez, “Rajoyk ezin du hamabost minutuz ere agintean jarraitu”, eta PSOE, Unidos Podemos eta Ciudadanosen aliantza aurkezten du hirugarren hauteskundeak ekiditeko alternatiba gisa. Hala, abstentzioaren aukera bazter uzten du.
Erabaki horrekin “desilusio handia hartuta” agertu da Felipe González, eta Sánchezek “engainatu” egin duela dio. Bere esanetan, idazkari nagusiak abstenitu egingo zela hitzeman zion, alderdiko kongresua deitzea “indezentzia” dela dio. Susana Díazek ere kongresuarekiko aurkaritza azaldu du, eta “PSOEko kideek nahi duten lekuan egongo dela” erantzun dio alderdiaren lidertza hartu ote dezakeen galdetu dion kazetariari.
Dimisio sorta zuzendaritzan
Pedro Sánchezekin ados ez daudenek mugimenduak hasi dituzte Idazkari Nagusia kaleratzeko, eta horren baitan kokatzen da PSOEko Exekutibako 17 kidek asteazkean emandako dimisioa. Haien arabera, alderdiko estatutuen 36. artikuluek Sánchezek agintean jarraitzea eragozten dute, Exekutibako kideen erdiak baino gehiagok kargua utzi dutenez –horien artean sartu dituzte Zerolo eta alderdia utzitako biak–. Sánchezek, baina, karguan jarraitzeko moduan dela uste du, eta oroitarazi du bera hauteskunde primarioetan aukeratu zutela. Larunbateko Komite Federalean kongresua deitzeko asmoa du, zenbait hedabideren arabera, baina hura ospatzeko aukerari dagokionez, azken orduetako botere-talkek zeresana izango dute.