argia.eus
INPRIMATU
PSOEren abstentzioa “oso zentzuduna” dela erantzun du Rajoyk
  • Espainiako alderdi sozialistak abstentzioaren bidez PPri gobernua ematea erabaki zuen bere Batzorde Federalean. Gosari informatibo batean erantzun du Mariano Rajoyk igandean PSOEk harturiko erabakiaren inguruan.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 24a
PSOEren Batzorde Federalaren bilera. (Arg.: PSOE)

“Bien aldetik borondatea badago etorkizun handia dugu”, adierazi du presidenteak. Alderdi sozialistak onarturiko erabakia irakurri duela eta hitz egin daitezkeen puntuak daudela azaldu du.

Aldeko 139 bozka eta aurkako 96rekin hartu du PSOEk Rajoyren inbestidura saioan abstentzioaren alde egiteko erabakia. Bigarren bozketan egingo du, lehenengoan ezezkoa eman ostean. Alderdiaren nahia lehen bozketan PPren politikei “gaitzespen zuzena” egitea da eta bigarrenean, berriz, estatuak bizi duen “salbuespen egoerarekin amaitzea”.

Abstentzio hori nola gauzatu bihurtu da buruhauste sozialistentzat. PSOEk buru duen behin behineko gestorako hiru kidek, bozketa ostean eginiko bileran, abstentzioa “era inteligentean” egitea defendatu zuten. Alderdiaren haustura saihestu nahirik, Rajoy presidente egiteko beharrezko den hamaika diputaturen abstentzioa nahikoa litzateke hauentzat.

Gestorako presidente Javier Fernandezek alderdiko diputatu guztiek berdin egin behar dutela azaldu zuen, alderdiaren barne diziplina betez. Hala eta guztiz ere, legebiltzar taldean erabakiko da nola gauzatuko den erabakia.

Alderdi barruko hausturak ez du amaierarik, parlamentuan egingo dutenaren zain. Diputatu ugarik ezezkoaren alde egiten jarraituko dutela azaldu dute, horien artean Odon Elorza donostiarrak. Balear Uharteetako PSOEk eta PSCk, orain arte ezezkoaren defendatzaile izan direnak, bide beretik jarrai dezakete. Katalanen kasuan astearteko batzarrean hartuko dute erabakia. PSCko presidente Miquel Icetak koherentziaz jokatu eta herritarrekin harturiko “konpromisoa”  mantendu behar dutela argudiatu zuen. PSEk, orain arte ezezkoaren alde lerrokatu den arren, alderdiak harturiko erabakiari men egingo diola aurreratu du.