argia.eus
INPRIMATU
Sozialisten barne kontsulta
PSOEn hautsak harrotu ditu Ciudadanosekin sinaturiko akordioak
  • PSOE barneko hautsak harrotu ditu Pedro Sanchez eta Albert Riveraren arteko akordioak. Alderdiko idazkari nagusiak asteartean iragarri zuen Ciudadanosekin bat egiteko erabakia, Espainiako gobernuko presidente izateko ahaleginean. Hala ere, Ciudadanosen babesa ez zaio aski, eta PPk eta Podemosek baztertua dute Pedro Sanchezen saiakera babesteko aukera.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 26a
Barne kontsultan hartzen duten erabakia ez da loteslea; azken erabakia batzorde federalaren esku egongo da.

PSOE eta Ciudadanosen arteko akordioak aldebiko erreakzioak eragin ditu alderdian. Ostirala eta larunbata bitartean alderdiko kideak kontsultatuko ditu idazkari nagusiak; zenbaitek zalantzan jartzen dute galdeketaren zilegitasuna. “Erantzun laburra eskatzen duen galdera nahasia da”, dio Ezker Sozialista korronteko kide Perez Tapiasek. Ez dago ados PSOE eta Ciudadanosen arteko akordioarekin: “PSOE eskuinean jartzen du erabakiak. Alderdiaren sinesgarritasuna kolokan dago, barnera zein kanpora begira”. Barne kontsultan harturiko erabakia ez da loteslea; azken erabakia batzorde federalak hartuko du datorren astelehenean.

Andaluziako presidente Susana Diazek ere eman du bere iritzia. Ciudadanosek diputazioak ezabatzea exijitu dio Pedro Sanchezi, eta hala jaso du asteazkenean sinaturiko akordioak. Diazek uste du gisako neurriek alderdi guztien arteko akordioa eskatzen duela, eta ez biren artekoa. Hala ere, Diaz Ciudadanosekin negoziatzearen alde azaldu da: “Espainiaren batasuna eta berdintasuna defendatzen ditu”.

Gaiaren inguruko diskurtso kontserbadoreagoa eskaini du Felipe Gonzalezek. Podemosen aurkako jarrerarekin jarraitzen du presidente ohiak; ezkerreko alderdi berriari ahalik eta eskumen gutxien eman behar zaizkiola iritzi du. Itxaropen gutxi du Pedro Sanchezen saiakeran.

Prozesu luzea

Sanchezek martxoaren 2an aurkeztuko du bere proposamena Kongresuan eta hurrengo eguneko bozketan gehiengo absolutua lortu beharko du gobernuko presidente izateko. Helburua erdiesten ez badu, Kongresuko kideek martxoaren 5ean errepikatu beharko dituzte bozak. Egun hartan PSOEko idazkari nagusiak gehiengo sinplea lortu ezean, Sanchezek bi hilabete izango ditu helburua lortzeko. Tarte horretan, berak edo beste batek gobernuko presidente izateko babesa lortu beharko du, bestela Gorteak disolbatuko dira –maiatzaren 3an–, eta hauteskunde berriak antolatuko dira ekainaren 26an.