PP, Vox eta Ciudadanos alderdien babesarekin lortu du ikerketa batzordea ez eratzea. Unidas Podemosek batzordearen alde bozkatu du. Kataluniako eta Euskal Herriko indar abertzaleek haserrea eta harridura adierazi dute. Pedro Sánchez presidenteak azalpenak eman beharko ditu Kongresuan; halere, bere agerraldiak ez du datarik.
Espainiako Kongresuko Bozeramaleen Batzordean ikerketa batzordea osatzearen aurka bozkatu dute PSOEk, PPk, Voxek eta Ciudadanosek. PSOEren bozeramaile Héctor Gómezek adierazi du alderdiak bestelako bideak ireki dituela auzia “erabateko gardentasunez” ikertu dadin. Nabarmendu du Gastu Erreserbatuen Batzordea aktibatu duela, eta bertan azalpenak emango dituela CNIko zuzendari Paz Estebanek. Hainbat hedabidetan zabaldu da gobernuak Esteban sakrifikatu dezakeela, bere dimisioarekin egoera politikoa birbideratu nahian. Unidas Podemoseko bozeramaile Pablo Echeniquek PSOEren posizioa kritikatu du, ikerketa batzordea ez eratzea balizko espioitza argitzeari ateak ixtea dela adieraziz. PPk adierazi du PSOErekin bat egin duela ikerketa batzordearen aurka, “estatu-alderdi bat” direlako.
Indar abertzaleak
Haserrea eta harridura adierazi dituzte Madrilen Espainiako Gobernua sustengatu ohi duten Kataluniako eta Euskal Herriko alderdi abertzaleek. ERCren bozeramaile Gabriel Rufianek ziurtatu du PSOEren ezezkoak legegintzalida “arriskuan” jartzen duela, baita “demokrazia bera” ere. PSOEk “erabat oker” jokatu duela adierazi du EAJko Aitor Estebanek. “Norbaitek eman beharko du azalpenen bat”, eskatu du, konfiantza “erabat hautsita” dagoela nabarmenduz. EH Bilduko Mertxe Aizpuruak PSOEren jarrera “penagarria” dela adierazi du, eta azpimarratu du auzia bideratzeko PSOEk proposaturiko beste mekanismoa, Sekretuen Batzordea, ez dela irtenbidea: “Denok dakigu batzorde horretan inoiz ez dela sekreturik partekatu”.
Sánchezek azalpenak emango ditu Kongresuan
Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuko osoko bilkuran azalpenak ematea onartu da Kongresuko Bozeramaleen Batzordearen bilera berdinean. Agerraldiaren aldeko bozka eman dute alderdi abertzaleek, Más Paísek, Compromisek eta PPk. Unidas Podemosek, kasu horretan, PSOErekin bozkatu du agerraldiaren aurka, baina gutxiengoan geratu dira. Sánchezen agerraldiak ez du datarik, baina PSOEk adierazi du hobe dela aurretik CNIko zuzendari Estebanek eta Defentsa Ministro Margarita Roblesek azalpenak ematea. Roblesek asteazkenean hitz egingo du espioitza kasuaren inguruan Kongresuko Defentsa Batzordean.