argia.eus
INPRIMATU
PSOEk Kataluniaren erreferenduma inolaz ere ez duela onartuko adierazi du Pedro Sánchezek
  • Buruzagi independentista katalanei indultuak eman izanagatik azalpenak eman ditu Sánchezek Espainiako Diputatuen Kongresuan. PSOEk ez duela erreferendumik onartuko adierazi du, Pere Aragonesekin bilkura egin ondoko egunean.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 30
Argazkia: Moncloa

Espetxean zeuden buruzagi independentista katalanei indultua eman eta astebetera, Espainiako presidente Pedro Sánchezek azalpenak eman ditu Espainiako Diputatuen Kongresuan, asteazkenean. Soilik bide judizialetik joz gero, gatazka konpontzeko modurik ez duela ikusten adierazi du, eta elkarrizketaren alde agertu da. Alabaina, argi utzi du bere alderdiak ez duela inolaz ere erreferendumik onartuko. Bere hitzetan, "ez da autodeterminazio erreferendumik izanen berau defendatzen dutenek ganbera honetako hiru bostenak ez badituzte konbentzitzen Konstituzioaren 2. artikulua moldatzeko, eta espainiarrek aldaketa hori erreferendum bidez ez badute berresten".

Adierazpenok Generalitateko presidente Pere Aragonesekin egindako bilkuraren biharamunean egin ditu. Asteartean Moncloan bildu ziren Aragones eta Sánchez, besteren artean, bi aldeen arteko elkarrizketa mahaiaz jarduteko. Irailaren hirugarren astean elkarrizketa mahaia Bartzelonan biltzea adostu zuten, eta beronen edukiaz, gai-zerrendaz eta metodologiaz mintzatu ziren. Naiz hedabideak jaso zuenez, Aragonesen hitzetan urruneko posizioetatik abiatu dira alde biak gatazka konpontzeko eginkizunean, nahiz eta bat egin elkarrizketaren eta negoziazioaren beharrean. Aragonesen aburuz, elkarrizketa mahaiak "autodeterminazio eskubidea" eta "amnistia" bermatu beharko lituzke. Sánchezek biharamuean egindako adierazpenak, baina, kontrako norabidean joan dira.