Jose Luis Abalos PSE alderdiko Antolakuntza idazkari eta Espainiako Gobernuko Sustapeneko jarduneko ministroak iragarri zuen Maria Chivite lehendakari izateko aurkeztuko balitz EH Bilduren abstentzioa onartuko lukeela. Hala, Diputatuen Kongresuan UPNren babesik ez duela nahi ere esan zuen, Iruñeko Udalari dagokionez PSNren botoak ez dituela Joseba Asironek izanen ere jakinarazi zuen.
Erreportaje hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.
Abstentzioari bai baina negoziazio bideari ez. Horixe esan zuen atzo PSEk Madrildik. Jose Luis Abalos alderdiko Antolakuntza idazkariak hartu zuen hitza adierazteko Nafarroako Gobernuko presidente izateko Maria Chivitek bere burua aurkeztuko badu onartu eginen dituztela EH Bilduren abstentzioak. Ezinbestekoa du hori Chivitek lehendakaritza postua erdiesteko, aurretik Geroa Bai, Podemos eta Ezkerraren aldeko botoak baldin baditu. EH Bildurekin, hori bai, negoziaziorik ez duela izanen berretsi zuen Abalosek: "Iruñeko Udalean ez dute gure botoek Joseba Asiron alkate eginen", adierazi zuen.
PSNk Nafarroan joan den astean egin zituen lehen bilerak zenbait alderdirekin: Geroa Bai, Podemos eta Ezkerrarekin. Aurrerakoia izanen den gobernua eratu nahi duela adierazi zuen Ramon Alzorrizek behin eta berriz bileren ondorengo adierazpenetan. Dena dela, etenda daude bilera horiek lehenbizi udalak eratu nahi dituztelako eta ondoren jarraituko dituzte negoziazioak.
Iruñeko Udala larunbat arratsaldean eratuko da, 18:00etan. Navarra Sumak hamahiru hautetsi lortu zituen maiatzaren 26an, EH Bilduk zazpi, PSNk bost eta Geroa Baik bi.
Bestetik, jakinarazi du ez dituela nahi UPNren Kongresuko bi botoak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izendatzeko, EAJren seiak galtzeko arriskua lukeelakoan.