argia.eus
INPRIMATU
PSOEren eta Podemosen lan erreformak aurrera egin du Espainiako Kongresuan, boto baten aldearekin
  • Espainiako Gobernuak CEOErekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako testuari onespena eman dio ostegun arratsaldean Espainiako Kongresuak, baina Pedro Sánchezen inbestidura ahalbidetu zuten oposizioko alderdien babesik gabe oraingoan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko otsailaren 03a
Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko Lan ministroa ostegun honetako saioan (argazkia: Espainiako Kongresua)

Azkenean argitu da Espainiako lan erreformarekin alderdi batzuek eta besteek izan duten jarrera Madrilgo kongresuan. PSOE eta Unidas Podemos gobernuko alderdiek Ciudadanosen eta beste alderdi txikiago batzuen babesa behar izan dute Yolanda Díaz Lan ministroaren dekretua aurrera ateratzeko.

Eta babesen artean UPNrena funtsezkoa izan behar zuen. Horren truke, UPNk lortu du Enrique Maya ez gaitzetsia izatea Iruñeko Udalean, bere adierazpen xenofoboengatik. Baina UPNko bi diputatuek bere alderdiaren esanari muzin egin diote azkenean, eta kontra bozkatu dute. Iruñetik berehala eskatu diete euren eskainua uzteko.

Bozketa aurrera atera da ordea, boto bateko aldearekin, PPko diputatu bat okertu eta errege-lege dekretuari baiezkoa eman diolako. PPk iragarri du inpugnatu egingo duela bozketa, bere diputatuaren bozka telematikoan akatsa egon delakoan. Hala ere, kongresuko zerbitzu juridikoek zaila ikusten dute inpugnazioak bidea egitea.

"Ez da mundua amaitzen"

EAJk eta EH Bilduk goizeko eztabaida saioan jadanik argi utzi dute euren bozka zein izango zen. Ezezkoa eman diote erreformari, nagusiki euskal lan esparrua ez duelako errespetatzen. EAJk azaldu duenez azken unera arte saiatu da puntu hori nolabait barneratzen dekretuan. EH Bilduk, bere aldetik, azpimarratu du osteguneko bozketaz gaindi, lanean jarraitu beharra lan erreformaren alderdi kaltegarrienak bertan behera uzteko.

Asko izan dira Díazen testuari egin zaizkion kritikak, egun gobernuan daudenen hauteskunde konpromisoetako bat baitzen 2012ko Rajoyren lan erreforma derogatuko zutela, eta oraingo dekretua hortik oso urrun geratu dela diote. Euskal sindikatuek protesta eta manifestazioek ere egin dituzte, patronalari negoziazio kolektiboan aukera gehiago ematen dizkiola eta jasotzen duen kaleratzeen araudia salatzeko.

"Albert Riverak sinatuko lukeen lan erreforma da honakoa", azaldu du ERCko Gabriel Rufianek. PSOEk eta UPk ez dute izan Pedro Sánchezen inbestidura ahalbidetu zuten alderdien babesik oraingoan. Bi urte luzeko legegintzaldia geratzen da baina, eta "gaur ez da mundua amaitzen" ere esan du Rufianek.