argia.eus
INPRIMATU
Analisia
PSNren gobernua errepikatzeko giltza EH Bilduk du
  • Ia bost puntuko parte-hartze txikiagoarekin alderdi handi guztiek boto gutxiago lortu dituzte Nafarroako Legebiltzarrean, salbu eta EH Bilduk,  zeinak bere historiako emaitzarik onena lortu eta lehenbiziz hirugarren indarra izatera pasatu da Nafarroan, Geroa Bairi aurre hartuz.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko maiatzaren 29a

Eskuinak 2019an baino emaitza txarragoak lortu ditu, eserlekutan eta bototan; baina Voxekin, puntu bat gora egin dute ordezkaritzan eta eskuin muturrak botoak hirukoiztu ditu. Parlamentuan nabarituko da haien presentzia, eta seguruenik eskuina eskuinerago eramango dute; zalapartatik harago, hori ohi da eskuin muturraren lorpenik kaltegarriena. Zurekin Nafarroak eutsi egin dio eserlekutan, baina bototan 7.000 galdu ditu. Ostera ere ikusten da batzeak ez duela beti gehiago ematen.

Eta emaitza horrekin zer? Bada, EH Bilduk betetzen badu esaten ari dena, azken legealdiaren antzeko panorama geldituko da. PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernua osatzeko indarra izango dute: eskuinak eta eskuin muturrak baino boto bat gehiago dute. Horretarako EH Bildu abstenitu egin behar da inbestidura saioan, eta gobernagarritasuna bermatu behar du aurrekontuei begira. Hori bai, oraingoan indar gehiago izango luke negoziazio horietan.

[[hauteskundeak mapa estua 2023 M28 nafarroako-legebiltzarra]]

Eskuina beti irabazle Nafarroan, baina leku gehienetan ezin gehiengo osora iritsi. Hori da UPNko buru Javier Esparzaren drama, bakarrik ezin eta PSNrekin ere ez, garai batean bezala. Hirutan aurkeztu da eta badirudi hirugarrenean ere galduko duela lehendakaritzarako aukera. Ez dirudi laugarren aukerarik izango lukeenik. Geroa Bain ere badituzte arrazoiak kezkatuta egoteko, erabakigarria izan ohi den Uxue Barkosen bultzada ez baita izan nahikoa oraingoan, eta gainera, Barkos ez baita betirako politikan.

Iruñea bero-bero

Ezker abertzaleak sostengu handia izan du beti Iruñean, baina Joseba Asironen emaitza handiak berriz erakusten du pertsonak zein garrantzitsuak diren. UPN-EH Bildu polarizazioa inoiz baino handiagoa izan da –3.000 botoren aldea eskuindarren alde–, eta 2015eko gobernu blokeak enpate egin du zinegotzitan eskuinarekin. Zalantzarik gabe, indar adierazle dira horiek guztiak, baina ez gobernagarritasuna aldatzeko modukoak. Aurreko legealdian moduan, orain ere Iruñeko alkatetza PSNren esku egongo da, eta hark esan du ez duela EH Bildu bozkatuko. Beraz, normalean UPNk gobernatuko du, baldin eta beste formula batzuk gailentzen ez badira.

Hala ere, urrutikoagoak baina beste aukera batzuk egon badaude. Esaterako, PSNk eta EH Bilduk legealdia banatu dezakete, bi urte batek izan dezake alkatetza eta beste bi besteak. Edo, azkenean, EH Bilduk PSNri ematea alkatetza. EH Bilduren oinarriek ez lukete samur irentsiko apo hori, baina EH Bilduk behin eta berriz esan du eginahalak egingo dituela eskuinak gobernatu ez dezan. Elma Saiz alkate, EH Bilduk indar handiz baldintzatutako gobernu batean. Aldaketa instituzionalak bultzatu nahi badira, horra beste aukera bat. Ez litzateke lehen aldia, 1979an PSOE (5) HBren (7) atzetik gelditu baitzen, eta eskuinak har ez zezan HBk eta EAJk (2) Julian Balduz sozialista egin zuten alkate.

Ezker abertzalea lehen indarra da zinegotzitan Nafarroan, baina UPN bototan, eta PSNren indarra batez ere Iruñetik behera dagoela berresten da. Horrela hobeto ulertzen da, adibidez, euskararekiko PSNk duen jarrera oldarkorra. EH Bilduk hainbat alkatetza berreskuratuko ditu, lehen indarra izan delako. UPNk, aldiz, ez ditu gehiengo osoak garai batean bezala lortzen, eta gobernatzen badu izango da PSNk hala hautatzen duelako, adibidez Barañain, Eguesibar edo Lizarran.

[[hauteskundeak mapa estua 2023 M28 udalak nafarroa]]