argia.eus
INPRIMATU
PSNk ikurrinaren aurkako manifestaziora deitzeak haserrea eragin du alderdiaren bueltan
  • Nafarroako banderaren defentsan larunbat honetan Iruñean egingo den manifestazioak aldekotasunak eta aurkakotasunak biltzen jarraitzen du. Deitzaileek protesta egingo dute Nafarroako Legebiltzarrak onartu duelako egungo Sinboloen Legea bertan behera uztea.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko ekainaren 02a

Atzean utzitako Sinboloen Legea 2003koa da eta debekatu egiten du Nafarroako edozein instituziotan ikurrina egotea. Funtsean, onartu zen udaletan jar ez zedin, bestelako instituzioetan ez baitzegoen horrelako arriskurik, UPNk eta PSNk guztiz kontrolatzen zituzten eta.

Orain, akordio programatikoa betez, Nafarroako aldaketaren aldeko lau indarrek lege hura alboratu dutenean, eskuina kalera aterako da Nafarroako banderaren defentsan. Nafarroako bandera, dena den, inork ez du zalantzan jartzen, esparru politiko osoak bat egiten baitu harekin; beraz, argi da, funtsean, mobilizazioa ikurrinaren aurkakoa dela.

UPNren eskua mobilizazioaren atzean

Hainbat kolektibok deitu dute manifestazioa, baina hasieratik ikusi zen UPNren eskua zegoela guztiaren atzean, deialdiak haren egoitzatik bidaltzen ziren. UPN, PP, Falange Española, Comunión Tradicionalista Carlista eta Vox moduko alderdiek berehala eman zioten bere sostengua manifestazioari. Eta egun batzuetara, PSNk ere bai.

Horrek eztabaida handia ekarri du hainbat eremu politiko eta sindikaletan. Esaterako, CCOOk eta UGTk ofizialki ez zirela egongo erabaki zuten, nahiz eta azken honek askatasuna eman dien afiliatuei nahi dutena egiteko. Baina PSNren baitan ere urak nahasi datoz gaiarekiko. Sozialista Gazteak eta Izquierda Socialista korrontea aldendu egin dira alderdiaren erabakitik, eta manifestaziora joatearekiko desadostasuna publikoki agertu dute.

Berdintsu egin dute PSNko hainbat zinegotzik ere. Esate batera, Viana eta Tafallako zinegotzi gehienak joatearen aurka agertu dira eta Atarrabiako zinegotzia abstenitu egin da.

Manifestazioaren deitzaileak ekitaldira bakarrik Nafarroako bandera eramateko deia egin dute. Beldur dira, beste halako manifestazioetan gertatu den legez, Espainiako banderak ere ugariak izatearekin eta horrekin manifestazioaren irudia desitxuratzearekin. Manifestazioa 18:00etan hasiko da Nafarroako Legebiltzarrean eta, ondoren, Yanguas y Miranda, Nafarroako Gorteak eta Carlos III.a kaleak iragan ondoren, Gazteluko Plazan amaituko da.