argia.eus
INPRIMATU
PSNk eta Navarra Sumak PAIren aldeko lege proposamena onartu dute, gobernua egoera estuan jarriz
  • Ingelesez Ikasteko Programako (PAI) 350 irakasleren lanpostua egonkortzeko aurreproiektu legea onartu dute asteazken honetan sozialistek eta eskuindarrek. Akordioak tira-birak areagotu ditu Nafarroako Gobernuko bazkideen artean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko apirilaren 28a
Argazkia: Nafarroako Legebiltzarra.

Irakasleen egonkortzearen aldeko PSNren hastapeneko proposamenetik harago joan da akordioa, besteak beste, UPNk baldintza gisa jarri diolako PSNri egun hizkuntza programa dena hezkuntza eredu bihurtzea. Geroa Bai, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta IU aurka agertu dira. Baita Nafarroako hezkuntzako gehiengo sindikala ere.

Kontseiluak ere gogor egin du bi alderdien asmoen aurka eta salatu du PAI hasieratik abiarazi zutela D ereduaren aurkako tresna gisa, orain ere norabide horretan ari direla, eta Nafarroako D eredua leku askotan D-Pai bihurtu nahi dutela.

Tira-bira handiak Chiviteren gobernuan

Ez zegoen argi zer gertatuko zen gaur goizeko osoko bilkuran, PSN berez guztiz ados egon arren PAI programa hezkuntza eredu bihurtzearekin –hauteskunde programan hala zekarren–, Geroa Bairekin sinatutako gobernu akordioan ez zelako horrelakorik aurreikusten, eta bien artean adostu zutelako egungo egoeratik harago ez zela eramango PAI programa.

Talka hau etorri da lehendik ere tentsio handia zegoenean PSN eta Geroa Bairen artean. Batetik, gogoan izan behar da iragan otsailean ozta-ozta atera zela aurrera Kongresuan Espainiako Gobernuaren lan erreforma, UPNko bi diputatuk –alderdi honen zuzendaritzak erabakitakoaren aurka– erreformari baiezko botoa ematea uko egin ziotenean.

Aferaren bueltan, Javier Esparza UPNko lehendakariak onartu zuen PSOErekin akordio orokorragoa lantzen ari zela, garai bateko UPN eta PSNren arteko elkarlana berreskuratze aldera. PSNk ez du horrelakorik onartu, baina ikusten da hainbat gaietan, eskutik etorri direla azken boladan, besteak beste martxoaren amaieran merkataritza elektronikoa dela eta, Hitzarmen Ekonomikoan egindako aldaketetan.

Ez hori bakarrik, foru gobernuak administrazioan euskararen ezagutza baloratzeko onartu nahi duen dekretua ere ika-mika iturri izan da bi alderdien artean, eta hor ere PSNk Navarra Suman topatu du hura aurrera ateratzeko behar duen sostengua.

Kontuan hartu behar da, halaber, urtebete falta dela datozen foru hauteskundeetarako, eta dagoen tentsioa eta datak ikusita, ez da gehiegi esatea Chiviteren gobernua kolokan dagoela. Azken boladan, ez da lehen aldia gobernuaren krisiaz hitz egiten dena.

Legearen zailtasunak

Onartu berri den aurreproiektu legeari dagokionez, PSNk eta UPNk pauso garrantzitsua eman dute PAI hezkuntza programa bihurtzeko, baina bidean izango dituzten oztopoak ere ez dira txantxetakoak. Batetik, Espainiako Gobernuarekin lanpostuen egonkortzeko saio honi buruzko akordioa lortu beharko dute, eta orain arte ez da posible izan. Bestetik, gaia heldu daiteke Espainiako Auzitegi Konstituzionalera, bai Espainiako Gobernuaren eskutik, sindikatuen borondatez edota Kongresuko diputatuek hala eskatuta.

Gogoratu behar da, Espainiako legediak debekatu egiten duela ingelesa edo atzerriko beste hizkuntzak eskakizun gisa erabiltzea oposizioetan, eta PSNk hori saihesteko Nafarroako autogobernua aldarrikatu duela lege propio bat egin eta ingelesari oposizio publikoetan sarbide emateko.

Legeak aurrera egiten badu, gertatuko da Nafarroako toki askotan euskara moduko bertako hizkuntza bat ez kontuan hartzea sikiera meritu gisa ere, baina ingelesa derrigorrezkoa izatea irakaskuntza publikoaren eredu baterako.