argia.eus
INPRIMATU
PSNk eskura jarri dio Iruñerriko Mankomunitatea Navarra Sumako hautagaiari
  • Ostegun honetako arratsaldean hautatuko da Iruñerriko mankomunitateko lehendakaria. Orain arte Navarra Sumako hautagai Juan Jose Echeverria eta egungo lehendakari Aritz Ayesa –EH Bildu– ziren lehian, baina azken orduan PSNko Maite Esporrínek ere bere hautagaitza aurkeztu du.

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko irailaren 26a
Hondakinen plan berria bideratzea izango da mankomunitatearen erronka garrantzitsuenetakoa.

Mankomunitatean diren 54 ordezkarietatik Navarra Sumak 23 ditu eta EH Bilduk 14. PSNk 7 besterik ez ditu eta, beraz, ez du ezer egiterik. Udal hauteskundeetan egin zuen bezala, ordea, honekin lortzen du bere ordezkariak bera bozkatzea eta ez egin behar izatea Echeverria edo Ayesaren alde. Aurkeztuko ez balitz, sozialisten ordezkari batzuen botoa agian Ayesarengana joan litezke eta hori saihestu nahi du PSNk Esporrín aurkeztuz. Geroa Baik hiru ordezkari ditu eta Ayesaren alde egingo dute.

Horiez aparte, zortzi ordezkari independente daude eta klabeak izango dira. Iragarri denez, batek Echeverriaren alde egingo du, beste bi abstenitu egingo dira eta beste bostek Ayesaren alde egin lezakete. Hortaz, aurreikuspena da Echeverriak 23 boto lortzea eta Ayesak 22. Horren arabera, UPNko ordezkaria litzateke Nafarroako mankomunitate garrantzitsueneko lehendakari berria.

Ezusteko txiki bat nahikoa zen Navarra Sumak bere ordezkaria ez ateratzeko. Presiorik gabe, errazagoa litzateke PSNko ordezkariren batzuek Ayesaren alde egitea, eta PSNk errotik saihestu nahi izan du aukera hori. Are gehiago kontuan hartuta Espainiako hauteskunde orokorrak ate joka direla eta eskuinak edozer baliatuko duela –areago Nafarroatik badator– PSOE eta Pedro Sanchez egurtzeko.

Boteregune garrantzitsua

Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udalaren ondoren Nafarroako instituzio garrantzitsuena da Iruñerriko mankomunitatea. 2018an, esaterako, 108 milioi euroko aurrekontua kudeatu zuen. Nafarroako Legebiltzarrak iaz onartutako Hondakinen Legea aurrera eramateko erakunde klabea da, besteak beste. Imarkoainen planta berria bat eraikitzea dago aurreikusia, baina Navarra Suma ez dago ados proiektuarekin eta Echeverriak iradoki du Iruñerriko hondakinak Tuterako El Culebretera eraman daitezkeela.