argia.eus
INPRIMATU
PSNk Enrique Maya Iruñeko alkatea gaitzesteko eskaera kendu du, UPNk lan erreforma babesteko
  • Espainiako Kongresuan lan erreformaren alde bozkatzea eskatu die UPNk bere bi diputatuei, eta horren lehen ondorioetako bat izan da PSNk Enrique Maya UPNko alkatea gaitzesteko egina zuen eskaera kendu egin duela. Gainera, udal aurrekontuak aldatzea ere babestuko dute alderdi sozialistako zinegotziek.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 03a
Maite Esprrin eta Ramón Alzórriz, iragarpena egiteko unean (argazkia: PSN)

Enrique Maya bere "adierazpen xenofoboengatik" gaitzesteko eskaria, ostegun honetan bozkatu behar zena, atzera bota du Nafarroako Alderdi Sozialistak, UPNk Espainiako Kongresuan PSOE eta Unidas Podemosen lan araudia babestuko duela jakin ostean. UPNko bi diputatuek beren alderdiak emandako gidalerroekin ez datozela bat adierazi dute hala ere, eta azkenean kontra bozkatu dute; zuzendaritzatik berehala eskatu diete Madrilgo eserlekuak uzteko.

Madrilen UPNk eman behar zuen babesaren lehen ondorioetako bat izan da Iruñeko Udalean gertaturikoa. Gainera, PSNk udal gobernuak aurrera atera nahi duen aurrekontuen aldaketari ere babesa eman dio eta 27 milioi euro gehiago izango dituzte aurten inbertsioetarako. Negoziazioak Madrilen izan dira azken egunotan, eta UPNko buru Javier Esparzak parte hartu du horietan, Diario de Noticias egunkariaren arabera.

PSNko Iruñeko bozeramaile Maite Esporrín eta Ramón Alzórriz Nafarroako Parlamentuko bozeramaile sozialistak eman dute akordioaren berri, lan erreformaren bozketarekin erlazio zuzena duela ezkutatu gabe. Nolanahi ere, ziurtatu dute akordio horrek ez duela "ondoriorik" izango Nafarroako Parlamentuaren gehiengoan eta Chiviteren gobernuak duen sostenguan.