Hauteskundeak aurreratzeko eta Yolanda Barcina presidentea kargutik kentzeko helburuarekin Nafarroako alderdi politikoekin bilerak hasiko dituela adierazi du PSNk komunikatu batean. Bildu bilera-erronda horretatik kanpo utziko du Roberto Jimenezen alderdiak.
Nafarroako Foru Erkidegoa jasaten ari den egoera “eutsiezina” dela adierazi du alderdiak idazkian. Hauteskundeak aurreratzeko beharra aipatu badute ere, ez dute zentsura mozioaren aukeraz aipamenik egiten. Horrelako ekimen bat aurrera atera ahal izateko Bilduren babesa ezinbestekoa litzateke eta horrek deserosotasunak sortu ditu PSOEren zuzendaritzan.
Larunbatean PSNk bilera egin zuen Goicoechea auziko ikerketa batzordean ondorioztatutakoaren aurrean erabakiak hartzeko. Bertaratutako guztiak hauteskundeen beharra nabarmendu zuten. Beste hamabost hilabetez egoera honetan jarraitzea zentzugabea dela azpmiarratu dute eta Nafarroa sufritzen ari duen “desgobernua” dela-eta kezka azaldu zuten.
Alderdiaren helburua hauteskundeak deitzea dela azpimarratu dute, herritarrei erabakiak hartzeko aukera emateko. “Nafarroako etorkizuna zein izan beharko litzaken herritarrek erabaki dezaten”, PSNren dokumentuaren arabera.