argia.eus
INPRIMATU
PSNk zentsura mozioa aurkezteko jarrerari eusten dio, Madrildik esango diotenaren zain
  • Goicoechea auziko ikerketa batzordeko testigantzak Barcinaren dimisioa eskatzeko aski direla uste du PSNk. Hala ere, Madrilera begira daude alderdian, Espainiako organoak baitu azken hitza.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko otsailaren 27a
Roberto Jimenez eta Juan Jose Lizarbe, PSNko idazkari nagusia eta bozeramailea, hurrenez hurren. Argazkia: Eitb

Momentuz ez da iritsi agindurik Ferraz kaleko zuzendaritzatik, azken egunotan Espainiako Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan murgildurik baitzeuden, Nafarroa bigarren planoan utziz. Momentuz, Yolanda Barcina gobernutik kentzeko asmoa mantentzen du PSNk, irregulartasun larrien aurrean fiskaltzaren esku-hartzea eskatuz.

“Batzordeak aterako dituen ondorioetatik erantzukizun politikoak ondorioztatzen badira eta Barcinak ez badu parlamentua desegiten, erabaki bakarra hartu dezakegu gure alderdian: zentsura mozioa aurkeztu. Pausoz pauso goaz, ez gaitezen arinegi ibili”, adierazi zuen atzo Roberto Jiménezek, PSNko idazkari nagusiak.

PSNko zuzendaritza ostiralean da biltzekoa zuzendaritza-batzordeko aparteko bileran. Bertan Goicoechea auziko ondorioak aztertuko dituzte eta alderdiak hartuko duen posizioa argitzen has daitezke. Ondoren, PSOEren Madrilgo aparatuak berretsi beharko du hartutako postura. Horrek Nafarroako alderdiaren azkenaldiko jarrera alda lezake.

Ez zen lehenengo aldia izango Espainiako PSOEren organoaren azken hitzak Nafarroako alderdiaren jarrera aldatuko lukeena. 2007ko hauteskundeetan NaBai-PSN gobernua osatzeko aukera egon zen, baina Madriletik etorritako aginduek koalizioa osatzeko aukera deuseztatu zuten.