argia.eus
INPRIMATU
PSNk AHTaren Gasteizko lotunearen alde egin du, Ezkiokoa ez dela “bideragarria” argudiatuta
  • "Gasteiztik egin ezean, ez da egingo", adierazi du PSNren bozeramaile Ramón Alzorrizek. Kontra azaldu dira Geroa Bai, UPN eta PP.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 25
Ramón Alzórriz PSNko bozeramailea. PSN

Nafarroako Parlamentuaren Bozeramaile Batzordearen eta Mahaiaren bileraren ostean egin ditu adierazpen horiek Alzórrizek, kazetarien aurrean eginiko agerraldian. Nafarroako sozialisten bozeramaileak azaldu du Ezkioko lotunea ez dela "bideragarria ez fisikoki, ez ekonomiko ez ingurugiroari dagokionez: Aralar alde baterantz zein besterantz hogei kilometro zulatzea ingurumenari eraso egitea da. Bide posible bakarra Gasteizkoa da".

Adolfo Araiz Nafarroako EH Bilduko bozeramaileak gogoratu du bere alderdia AHTaren eta honek Nafarroan eduki ditzaken ondorioen aurka dagoela. Hortaz, Gasteizko lotura "hobetu" behar dela aldarrikatu du, "egungo azpiegitura aprobetxatuko lukeen tren soziala" eraiki ahal izango litzatekeelako bertan.

Alzórrizen hitzek UPNren, Geroa Bairen eta PPren aurkako kritikak jaso dituzte. Javier Esparza UPNren bozeramailearen arabera, PSNren Gasteizko lotunearen apustuak "ez du zerikurisirik ingurumenarekin, Pedro Sanchezek nahi duen tokitik egitearekin baizik". AHTaren aferan EH Bilduk duen jarrera gaitzetsi du Esparzak: "Guztiaren aurka dago".

PPko Javier Garcíak "Nafarroa defendatzea" eskatu dio PSNri, eta ez PSOE eta PSE-EEk hartutako erabakiei men egitea. Geroa Bairen ordezkariak, Pablo Azconak, "zentzuz" jokatzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari: "Gai serio eta garrantzitsua da Nafarroarentzat".