argia.eus
INPRIMATU
PSNk udal-gobernua adostu du plaka frankistak kendu nahi ez dituen Caparrosoko alkatearekin
  • Caparrosoko (Nafarroa) jarduneko alkate Aquilino Jiménezekin akordioa egin du PSNk, Adelante Caparroso Aurrera (ACA) plataforma aurrerakoiarekin egin zezakeen paktua baztertuz. Jiménez ezaguna da herriko plaka frankistak kentzearen aurka agertu izanagatik.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 05
Aquilino Jiménezekin paktua egingo du PSNk Caparroson (argazkia: Caparrosoko Udala).

ACAk eman du gertatutakoaren berri sare sozialetan zabaldu duen ohar baten bidez: esplikatu dutenez, maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ondoren PSNrekin hitz egiten hasi ziren Caparroson ezkerreko udal gobernua osatzeko. Aquilino Jiménezen Caparroso Presente y Futuro (CPF) zerrenda izan da boto gehien jaso duena, baina PSNren eta ACAren ordezkariekin alkatetza aldatzeko aukera dago.

Jiménezek PPko zerrendaburu gisa aurkeztuta lortu zuen alkatetza pasa den legegintzaldian eta polemika eragin zuen, oroimen historikoaren legea betetzeari uko egin ziolako, herriko plaka frankistak erretiratu ordez zeuden lekuan utziz.

Bestelako udal-gobernu bat osatzeko negoziazioetan, ACAren arabera, plataformak eta PSNk ardurak erdibana egiteko eskaintza zegoen mahai gainean, hiruna zinegotzi eskuratu zituztelako bozetan. Baina egun batzuk geroago, PSNk ACAri adierazi dio Jiménezen zerrendarekin akordioa lortu dutela: PSNk izango du alkatetza CPFren babesarekin.

ACA harrituta agertu da, zerrendarik bozkatuenak, Jiménezenak, PSNri horrela alkatetza ematearekin. Maniobra hori esplikatzeko, PSNk eta CPFk adierazi dute Caparroson gobernu abertzalea eragotzi nahi dutela. ACAren ustez, ordea, adierazpen horrek ez du zentzurik, beraien lan-eremua herria delako eta ez dutelako loturarik beste alderdiekin.