argia.eus
INPRIMATU
UPNrekin akordiorik ez duela egingo adierazi du PSNk
  • UPNren eta PSNren arteko ezberdintasunak agerian utzi dituzte alde biko bileran. PSN EH Bildurekin bilduko dela adierazi du, baina ez dutela gobernua negoziatuko.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 09a
PSNko eta UPNko kideen arteko bilera, ekainak 8 (IƱigo Uriz/Foku)

PSNren Nafarroako presidentegai Maria Txibitek koalizio gobernu baterako nortzuk nahi dituen argi azaldu du: Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa. Bi taldeekin negoziazioak hasi ditu, baina beste alderdiekin ere bilduko da, nahiz eta UPN eta EH Bildu ez dituen gobernurako bidaide gisa.

PSN eta UPNren artean agindako bilerak posizioak argitu ditu. “Ez dago aukerarik UPNrekin akordiorik egiteko” zehaztu du PSNko Ramón Alzozirrek, eta UPNko presidente Javier Esparzak adierazi du PSNk Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin inbestidurara aurkezteko asmoa berretsi diela.

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak elkarrekin ez dute gehiengo osorik, UPN edo EH Bildu abstenitzea beharko lukete Txibite izendatzeko. Esparzak independentistak Nafarroako politikatik ateratzeko eskatu dio PSNri. PSNko ordezkariak EH Bildurekin bilduko dira, baina Alzorrizek azpimarratu duenez, ez da gobernurako akordiorik jorratuko ezta koalizioaren abstentzioa eskuratzeko ere.

Gipuzkoako hitzarmenarekin arazoak

EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagai Maddalen Iriartek “gobernabiderako ituna” proposatu zion ekainaren 8an EAJri, PSEri eta Elkarrekin Podemosi, "Aldundian proiektu partekatua bideratzeko”. EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek ez du “arrazoizkotzat jo” proposamena, Gipuzkoako Foru Aldundia “parlamentu” bilakatuko lukeela esan du, “irizpide argiak eta bateratuak” ezarri behar direla. Koalizio subiranistako eledun Unai Urruzunoren hitzetan, benetako arazoa da EAJk eta PSE-EEk EH Bildu gobernutik kanpo utzi nahi dutela.

Urruzunoren arabera, maiatzaren 28ko bozkek “bestelako politika publiko eta gobernantza ereduen” alde egin behar dela erakutsi zuten, eta Gipuzkon Iriartek zuzendu behar duela aldaketa hori. “Bide ezberdinak” probatzea proposatu du.