Foru Gobernuak sexu aniztasunaren aldeko baliabideen aurrekontua %17 gutxitu du eta hiru langile kaleratu. Kattalingorri elkarteak neurriaren aurka protestatzeko manifestazioa deitu du otsailaren 25erako, 18:00etan Iruñeko Gazteluko plazan.
2023ko Nafarroako aurrekontuetan LGTBI+ eskubideak bermatzeko 248.000 euro bideratzea erabaki bazen ere, PSNk eta Ahal Duguk sexu aniztasunaren aldeko Kattalingune zerbitzu publikoaren baliabide ekonomikoak %17 murriztea erabaki dute, 205.000 eurotan utzita. Gainerako 43.000 euroak gobernuak berak zuzenean erabiliko ditu, 2016tik gaiaren kudeaketaren arduraduna zen Kattalingorri baztertuta.
Izan ere, Kattalingunek kudeatzen zituen bost lan-programetatik gobernuak bi bere gain hartu ditu, haren eskumen arloaren barruan daudelakoan. Murrizketak Kattalinguneko zazpi langileetatik hiru kaleratzea suposatzen du, eta horrela egungo lanaldiak lau izatera pasatzen dira.
Navarra Suma eta EH Bildu neurriaren aurka agertu dira, eta baita Gobernuko kide diren Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerra ere. Atzoko osoko bilkuran, aipatutako lau alderdiek aho batez eskatu zuten zerbitzua %100ean mantentzea, aurrekontuari zein plantillari dagokienez.
Erabakiak Legebiltzarretik haratago ere izan du oihartzuna. Kattalingorrik berak manifestazio bat antolatu du otsailaren 25erako, 18:00etan Iruñeko Gazteluko plazan. Deialdiaren bideoa, zeinean Kattalingorriko kide diren hainbat drag queen Porrotx pailazoarekin batera azaltzen diren, sare sozialetan birala egiten ari da.
Mobilizazioarekin, kolektiboak honako hau salatu nahi du: aurrekontuaren murrizketa; LGTBIQ+ pertsonei zuzendutako arreta publikoaren okertzea; erabakia gay, lesbiana, bisexual eta transexualekin kontsultatu ez izana, aurreztutako diruarekin egin litekeen proiektu baten falta eta zerbitzu guztia Iruñean zentralizatzeak dakarren landa eremuko pertsonen bazterkeria.