Hondarribiko Psilocybe musika elkarteak 30 urte bete zituen iaz, eta berak kudeatzen duen musika aretoak, 15 urte. Etxeko talde eta teknikarien eskutik, hemeretzi abestiko bilduma osatu du.
Gabonen bueltan Hondarribiko Psilocybenea aretoan antolatzen den bertsio gaua erreferentziazko jaialdia da Psilocybe musika elkartearentzat, sortzen den giroaz harago, musikari askok elkartzeko eta proiektu amankomunak sortzeko aukera gisa baliatzen dutelako hitzordua. Ohiko talde zurrunetatik at, musikarien elkar-trukaketa eta eremu berrien esplorazioa ahalbidetzen du bertsio gauaren gisako jaiak. Elkarteak nabarmendu duenez, bertatik sortu da P30 musika bilduma, elkarteak iaz 30 urte bete zituen aitzakian Psilocybenearen bueltan antolatu diren musikari eta teknikarien eskutik.
2023an grabatu dituzte kantu guztiak –hemeretzi guztira–; Mono eta Mikel Iturria aritu dira horretan, eta Joseba Baleztenak ere lagundu die lanean. Masterizazioaz, berriz, Karlos Osinaga Txap arduratu da. Musika taldeak, aldiz, den-denak etxekoak, ondorengo hauek dira: The Iiingles, Krin, Kosmaikosin, Julz, Müntzer, The Arritmicks, Lefthook,Velozet, Horzdun, Imago4, Txavvö, Gornutz, Skubi, Angelight Family, Midnight Sinners, Linternakin, MKL, Naica eta Tzar.
Hirugarren bilduma
Elkartearen sorrera garaian autoekoiztutako lehen disko bilduma kaleratu zuten, 2001ean, Psilocybe Enea deiturikoa, gerora aretoari izena emango ziona. Elkartea sortzerakoan erreferente izan ziren Dut eta Lif talde ezagunek hartu zuten parte disko hartan, baita Killing Moon, Pinbol, Semtex edota Dead Jauregi's-ek.
Handik bi urtera, 2003an, Psilocybe 10 bilduma egin zuten, elkarteak hamarkada betetzen zuenaren aitzakian. Aurreko diskoan egon ziren taldeei berri batzuk batu zitzaizkien, baita zaharragoak ere, Sorotan Bele edo Beti Mugan kasu.
Hauspo horrek, elkartearen esanetan, eskatzen zuen behar zela kontzertuak antolatzeko espazio bat ere, entsegu lokal auto-kudeatuez gain. Musika erdigunean jartzeko, diotenez. Urrats handi hura emateko prozesuaz gehiago jakin nahi duenak, irakurgai dauka 25. urtemugaren kari Lander Arretxeak eginiko erreportajea.
PTP jaialdia, larunbatean
PTP jaialdia, edo Psilocybeko Taldeen Partia. Larunbaterako ipini dute hitzordua, 17:30ean hasita, Psilocybenea aretoan. Sarrera borondatezkoa izango da.
Albistearen hasieran nabarmendutako bertsio gauaren bertsio baten gisako ekitaldia izango da, hau da, espiritu berekoa: kontzertu motzak, musika-ekipoa elkarbanatuta, ahizpatasuna eta giro aparta. Psilocybenean egonkortuta dauden taldeek hartuko dute oholtza, eta P30 bilduma aurkezteko baliatuko da gaua.