Osasun mentaleko profesionalek sinesten dizute, goiburuarekin testu bateratua sinatu dute psikologian eta psikiatrian adituak diren profesionalek. 2016ko sanferminetakoa bortxaketa izan zela eta sententzia errefusatzen dutela nabarmendu dute.
"Sententzia zeharo errefusatzen dugu psikologian eta psikiatrian profesional garenok", hitz horiekin ekin diote 1.800 profesionalek baino gehiagok eskutitz bateratuari. Trauma egoeretan, tratu txarrak pairatu dituztenekin tratamendu psikoterapeutikoa eskaintzen dutena, abusu sexualetan, abandonu kasuetan pertsonekin lan egiten dutenak edota sexologian, generoan eta indarkeria matxistan adituak diren pertsonak sinatu dute agiria.
Alde batetik, sanferminetako talde bortxaketaren kasuan informazio zientifikoa eman dute agiri horretan eta bestetik, hausnarketa bat egin dute sistema patriarkatuak gizartean duen eraginaz eta ondorioez, batez ere emakumeengan eta haurrengan, baina batez ere halako erabakiek zer nolako kalteak eragiten ahal dioten gizarte osoari.
Lehen puntuari dagokionez, profesional hauek zera nabarmendu dute: Porgesen Teoria Polivagal izenekoaren arabera, norbaitek bere burua mehatxatuta sentitzen badu, heriotza ere izan litekeenaren aurrean edota lesio larriak eragiten ahal dizkionaren aurrean zein sexu eraso baten aurrean, ohiko da erantzuna inmobilizazioa izatea ihes egiteko aukerarik ez dagoenean. Hori da gizakion nerbio sistemak duen erreakziorako modu azkarra bizirik iraun eta inpaktua ahalik eta txikiena izateko. Teoría hori zientifikoki frogatua dago eta profesional askoren babesa ere badu, besteak beste: Stephen Porges, Daniel Siegel, Pat Ogden eta Bessel Van der Kolk. Hori alde batetik. Bestetik, aipatzen dute agirian, sententziak jaso zuenaren harira, emakumeak ez zuela erresistentziarik jarri eta bizitako hartatik berehala bizimolde arruntera itzuli zela, zera diote: emakumeak egoera hura gainditzeko izan duen ahalmena babestu beharko litzatekeela eta ez kritikatu edo beregain zaintza jartzea. Egindako horrek, alegia, zaintza jartzea eta erresistentzia gutxi erabili zuela esatea emakumea gehiago erasotzea eta berriz ere traumatizatzea dakarrelako.
Bigarren puntuari dagokionez, norberaren errealitatearen interpetrazioa norberak dituen buruko filtro eta emozioek gidatzen dituztela, baina baita, norberaren kulturak, lotura afektiboek edota bizi esperientziek ere. Hala, gizartean denon ardura da profesionaltasunez jardutea, objetibotasunez eta etikarekin ere bai, indarkeria egoerak zalantzan jarri gabe edota “jaietako iskanbila” batekin nahastu gabe. Izan ere, indarkeria pairatzen duten herritarrak, kasu honetan emakumeak erakutsi behar du ez zuela sexu erlaziorik izan nahi eta horrek erasoa pairatu duena biktimizatzea baino ez du lortzen.
Bi puntu horiek azalduta, halako kasuek beharrezkoa dute aholkularitza profesionala izatea, bai justizia arloari dagokionez, zein segurtasun alorrari edota kasu hauetan lanean aritzen diren tekniko guztiena, betiere genero ikuspegi bat txertatuta. Azkenik gehitu dutena agiri horretan psikologia eta psikiatria adituek zera da: beharrezkoa dela prebentzioan lan egitea, haur direnetik hezkuntza sexual ez patriarkala eskainiz, genero ikuspegiarekin, transbertsala eta estrukturala, eskubideak betetzera bideratua eta sexualitatea ez dezatela indarkeriarekin nahasi, maskulinitate mota desberdinak garatzeko aukera ematea eta emakumeenganako errespetua lantzea, baita, tratu onaren promozioa egitea ere.
Albiste hau Euskalerria Irratiaren webguneak argitaratu du eta CC by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra