argia.eus
INPRIMATU
PSEko gobernukideen kritikak Jaurlaritzari
  • Jaurlaritzak konfinamendua arintzeko lehen faseari eginiko moldaketa eta murrizketek kritika ugari jaso dute, PSEko zenbait kiderena tartean. “Hobe da bermedun urratsak ematea, normaltasunik ez duen normaltasuna itzultzen ari dela saltzen saiatzea baino”, adierazi du Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 10
Argazkia: socialistasvascos.com.

Espainiako Gobernuak EAE deskonfinamenduaren lehen fasera igaro dela iragarri zuen larunbatean, eta jarraian Iñigo Urkullu buru duen Eusko Jaurlaritzak fase horri murrizketak ezarriko zaizkiola jakinarazi zuen. Haserre eta kritika asko sortu ditu Jaurlaritzaren erabakiak.

Deigarriena, agian, EAJrekin batera Jaurlaritzan gobernatzen ari den PSEko kideen kritikak dira. Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezak eta Ikerketa eta Programen idazkari Alfredo Retortillosek Twitterren idatzi dituzte mezu kritikoak: “Helburua gainerakoetatik bereiztea bazen, emaitza euskal herritarren arteko nahasmenik handiena izan da. Euskadiko errealitatea dena da. Hobe da bermedun urratsak ematea, normaltasunik ez duen normaltasuna itzultzen ari dela saltzen saiatzea baino. Horrela ez”, idatzi du Anduezak; “Inork ez du susmatzen Urola bailarako herrietan bizi direnak beren udalerrietan konfinatuta geratzen direnik Bilbo Handiaren Arabako Mendialdearen faseek bat egin dezaten, ezta?”, Retortillosek –biek gazteleraz–. "Euskadi osorako neurri berdinak (eta murriztaileagoak) hartzea, ia kasurik gabeko eskualdeak egonda, ez da logikoa", adierazi du ere Retortillosek.

Larunbatean, PSEko idazkari nagusia bera izan zen irakaskuntzako langileen eta sindikatuen kritiken aurrean elkarrizketa eskatu ziona Iñigo Urkullu lehendakariari: “Zuhurtzia eta elkarrizketa eskatu nahi dizkizut erabakiak hartzean, Lehendakari@iurkullu. Entzun irakasleei. Ikasleen zailtasunak eta beharrak ezagutzen dituzte”.