argia.eus
INPRIMATU
PSEk erabakitzeko eskubideari atea itxi dio
  • Patxi Lopez laugarren aldiz hautatu dute PSE-EEko idazkari orokor, alderdiaren zazpigarren kongresuan. Politika eta antolakuntza ponentziek babes zabala jaso dute, eta erabakitzeko eskubidea babesten zuen emendakina ez da onartu.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 11
PSOEko idazkari nagusi den Alfredo PĂ©rez Rubalcabak bere babesa erakutsi zion Lopezi (Argazkia: PSE-EE)

Irungo alkateak, José Antonio Santanok, autodeterminazioaren aukera begiztatzen duen alternatiba proposatu du, bere ustez  PSEk marko honetan ezin duelako “burua ezkutatu”, eta “demokraziaren eta legediaren arauen barneko estrategia berri bat definitu behar du”. Erabakitzeko eskubidearen aurka gehiengoz agertzeak, Katalunian ez bezala, korronte alternatiboek indarrik ez dutela erakusten du.

Kongresura iritsitako 280 emendakinetatik bakarra onartu da, eta ez du jatorrizko testua moldatzen. Ponentzietan azaltzen diren aldaketa nabarmenenak zerrenda irekiak eta delako “bizefalia” dira. Hala ere, PSOEren urriko konferentziara arte itxaron beharko dute onartuak izateko, PSE-EE ezin baita oinarrizko antolakuntzan erakunde federalarengandik urrundu.

Lopezek azpimarratu zuen bera izan dela EAE “ondoen” gobernatu duen lehendakaria, eta hemendik aurrera ahalegin osoa egingo duela “PSE-EE Euskadi osoko ezkerraren erreferentzia bihur dadin”.