argia.eus
INPRIMATU
PSCk irabazi ditu hauteskundeak Katalunian, baina ERCk gobernatuko du
  • Berdinduak geratu dira PSC eta ERC, baina lehena boto gehiagorekin. JxCat hirugarrena izan da. Galtzaile handiena Ciutadans izan da, 30 eserlekuren galerarekin. Vox indar handiz sartu da Kataluniako Legebiltzarrean eta CUPek ere gorakada handia izan du. Pandemiaren ondorioak begibistakoak izan dira eta partehartzea inoizko txikiena izan da: %53,5.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko otsailaren 15
Oriol Junqueras eta Pere Aragonès emaitzak ospatzen.

Eserlekuen banaketa honakoa izan da: PSCk 33 eserleku; ERCk 33; JxCat-ek 32; Voxek 11; CUPek 9; En Comúk 8; Ciutadansek 6 eta PPk 3. Berdinduak PSC eta ERC, baina sozialistak ia bi puntu gehiago eta 50.000 botoren aldea atera diete errepublikarrei.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministro ohiak lortu du boto espainiar gehiena erakartzea, 2017ko abenduan Ciutadansek lortu zuena. Hori bai, azken honek igande honetako emaitzik kaskarrena lortu du, 30 eserleku galduz. Gaitza da hori baino zartako handia irudikatzea, baina 2019an Espainian alderdi berak lortu zuen, 40 diputatu galduz, 57tik 10era jaitsiz.

Independentismoaren baitan, ERCk lehenbiziz lortu du aurre hartzea JxCat-i, Carles Puigdemontek sostengatutako indar politikoari. Hala ere, CiU zaharrak izan duen alderdi banaketa kontuan izanda, ondo eutsi diola esan liteke, beti ere irabaztera ohituta dagoena hirugarren geratzea gogorra izan behar duela pentsatuta. Pandemia gainean izanik ere, 2017tik hona bidean 400.000 boto uzteak min handia eman behar du.

Oraingoz, badirudi Vox joera sendo moduan ari dela finkatzen estatu osoan. CUPek ere bere emaitzak bikoiztu ditu 4 eserlekutik 9ra igoz (2010ean 10 lortu zituzten). En Comúkoek eutsi diote, baina beherakada handi batetik zetozela kontuan izanda eta PPk beherako joerari eusten dio eserleku bat galduz.

Aragonès presidente

Itxura guztien arabera, Pere Aragonès ERCko zerrendaburua izango da hurrengo lehendakaria, nahiz eta oraindik ez dagoen argi zein formularekin, agian JxCat-en sostenguarekin, eta CUPeko abstentzioarekin. Salvador Illa-k ere iragarria zuen irabaziz gero inbestidurara aurkeztuko zela, baina ez du ateratzeko aukerarik.

Lehenengo aldiz historian, boto independentistak %50eko langa iragan du, baina kontuan hartu behar da, itxura guztien arabera, abstentzioak gehiago eragin diola boto unionistari independentistari baino. Hala ere, joera argia da eta independentismoak hirugarrengoz lortu du gehiengo osoa, 70 eserleku 2015ean, 72 2017an eta 74 orain.

Vilawebek egindako infograma da honakoa.