argia.eus
INPRIMATU
PSC: “Bestelako espetxe politika baterantz pausoak eman behar dira”
  • Sare plataformako kideak Kataluniako Parlamentuan izan dira beren ekintzak aurkeztu eta espetxe politikan aldaketak aldarrikatzeko. Hainbat talde parlamentarik plataformaren eskaerekin adostasuna adierazi dute, PSCk barne.

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 03a
Dispertsioaren ondorioez aritu dira Sareko kideak Kataluniako Parlamentuan (argazkia: Publico.es)

Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu dituzte Sareren ekimenak Joseba Azkarraga Ibarretxeren gobernuko Justizia Kontseilariak eta Jose Moulia espetxeko funtzionario ohi eta CCOOeko kideak.

Azkarragak eskerrak eman dizkie Kataluniako parlamentariei beren hitza entzun eta tarte bat emateagatik: “Entzungor egin nahi duten arazo baten aurrean gaude. Horregatik da hain garrantzitsua gaur, hemen, zuek gu entzutea. Hau aurrerapausu garrantzitsu bat da”.

Dispertsioaren ondorioez aritu dira Sareko kideak Parlamentuan. Biek ere adierazi dute egun zentzugabekeria dela dispertsio politika mantentzea, eta presoen familia eta lagunentzako sufrimendu gehigarri bat suposatzen duela. Moulia, urteetan bizitako biolentzia egoera gogoan izanda ere, argi mintzatu da egungo espetxe politikaren aurka: “Ez dut nahi nire izenean inoren giza eskubideak urra ditzaten”.

Parlamentari katalanen erreakzioak

PPko ordezkariak Sarek ETAren ingurunearekin duen konplizitatea azpimarratzeari ekin dio interbentzioa eta gero. “Ez dute aitortzen terrorismoaren biktimei eragindako min ikaragarria”.

PSCko diputatu Ferran Pedretek, ordea, Sareko kideekin nolabaiteko adostasuna adierazi du. Bere hitzetan, dispertsioa bezalako neurriak iraganeko urte gogorretan uler bazitezkeen ere, egungo egoeran “bestelako espetxe politika baterantz aurrerapausoak” eman beharko lirateke.

ERCko Gemma Calvet eta CIUko Elena Riverak azpimarratu dute mendeku neurriak ezin direla izan espetxe politikaren oinarri, eta familiak zigortuko ez dituen politikaren alde egin dute.

Agerraldiarekin amaitu baino lehen, Azkarragak parlamentari katalanei eskatu die egoera honen berri estatuko agintariei eman diezaioten: “Erakutsi beharra dugu egoera honen salaketa ez dela euskal geografian soilik egiten, baizik eta Kataluniako Parlamentuan ere gehiengo batek dispertsioaren amaiera eskatzen duela”.