argia.eus
INPRIMATU
Prozesuaren zentsugabekeria nabarmendu dute Altsasuko Gurasoek epaiketaren lehen egunean
  • Prentsari bidalitako oharrean, duela urte eta erdi gertatutakoa taberna bateko gertaera baino ez zela izan adierazi dute auziperatuen gurasoek. Jarraian irakur dezakezue mezua.

2018ko apirilaren 17a

Altsasu ia komunikabide guztietako portadan agertu zen, goizaldeko ordu txikitan herriko taberna batean gertatu zen liskar bat zela eta, hau terrorismotzat jo eta gero. Adurrek, Jokinek eta Oihanek kartzela eta dispertsioa haien azalean bizi izan dituzte urte eta erdiz. Justifika ezinak diren behin-behineko neurriak eta milaka eta milaka kilometro. Urte eta erdiz gelditu gabeko mobilizazioak. Urte eta erdi min eta sufrimendu izugarria eragiten ari den egoera esperpentiko hau salatzen ari garenetik. Nafarroako Foru Komunitatean inoiz izandako manifestaziorik handienaren parte izan ginen larunbatean. Gaur, Madrilgo Audientzia Nazionalean epaiketaren lehenengo eguna bizi izan dugu.

Makro epaiketa terrorista gisa saldu eta publizitatzen den epaiketa da hau. Akusatuen aulkietan eseri dira zortzi pertsona, baina larunbatean ikusi genuen moduan, milaka eta milaka gara aulki horiek betetzen ditugunak.

Aulki horietan eserita daude, oinarrian, pertsona hauen etorkizunarekin batera, gure eskubide eta askatasunak.

Terrorismoaren kontrako makro-epaiketa bezala aurkezten ari den testuinguru honetan, ferietako egun bati buruz hitz egin da: lagun arteko afariez, esku-pilotako partiduez, taberna ezberdinez, dantzez, ligatzeko borondateaz eta ondo pasatzeko intentzioaz. Prentsa aretoan irribarre uholdeak sortu dira kasu batzuetan. Horretaz hitz egiten da gertaerak deskribatzen direnean.

Terrorismoaren aurkako makro-epaiketa bezala aurkeztu duten arren, pertsona akusatuek hizketan aurrera joan ahala, festa egun baten deskribapena bilakatu da, non taberna batean gertaera bat eman zen. Modu honetan, prozesu honen zentzugabekeria geroz eta nabarmenagoa bilakatu da. 

Zortzi lagun hauek bakarrik ez zirela egongo argi adierazi genuen. Goiz osoan zehar Audientzi Nazionalaren atarian 150 altsasuar eta bestelako hainbat herrietako adiskideak bildu gara. Goizeko lauetan atera gara kotxez nahiz autobusez inputatuei eta beraien senideei gure berotasuna eskaintzeko asmoz.

Komunikabide asko, ikusmin handia, eta berriz ere hedabide batzuk akusazioaren eta fiskaltzaren editorialak itsu-itsuan nola jarraitzen dituzten egiaztatu dugu. 

Izugarrizko zalaparta sortu da, eta onartu hala ez, epaiketa honetan jokoan dagoenarekin harremanetan dago. Zortzi pertsona hauen bizitzaz gain, gizarte osoari dagozkion eskubide eta askatasunak baitaude jokoan. Bi astetako epaiketa izango da. Hementxe jarraitzen dugu eta jarraituko dugu.

Altsasukoak Aske.