argia.eus
INPRIMATU
‘Protomillennialak’

Endika Biota PiƱeiro @BiotaEndika 2020ko apirilaren 30

Hogeigarren mendeko mila bederatziehun eta laurogeita zazpigarren urtean jaio nintzen, herri txiki batean. Garai hartan zenbakiak ezberdin idazten ziren euskaraz.

Millenniala naiz, antza. Soziologoek eta ikerlariek ez dute eremu zehatzik adostu, baina gehienak bat datoz 1980 eta 1995 urteen artean jaiotakook etiketa hau daramagula. Natibo digitala omen naiz, aurreko belaunaldiak baino prestakuntza hobeagoa daukat eta egozentrikoa, ekintzailea, hedonista eta globalizazioaren semea nauzue. Oso gizartekoia, sare sozialei esker munduari konektatuta bainago. Internetek eta armiarma digitalek errealitatea astindu zuten aspaldi. Aldaketa ugari eman ziren urte haietan, eta gazteok ez ginen inola ere iragazgaitzak izan. Dena dela, aldaketak ez dira egun batetik bestera ematen. Paleozoikoan bizi ziren trantsizio-bizitza forma horiek bezala sentitzen naiz. Tiktaalika bezala, antzinako itsasoetatik atera nahi izan zen lehenbiziko uretako animali hibridoa, oraindik-ez-arrain, oraindik-ez-anfibio.

Justo hortxe, erdibide horretan, kokatzen dut nire burua. Protomillennialen aroan. Haurtzaroa oparoaldi ekonomikoan igaro genuen, gurasoek, sarritan, bigarren etxebizitza eta guzti erosi zuten eta udak oporretan ematen genituen. Nerabezaroa amaitzear genuela krisialdi ekonomikoa erori zitzaigun gainera eta entzundako promesa guztiak (ikasiz gero lan ona eskuratuko duzu, esfortzuak etekinak dakartza beti) muturren aurrean apurtu zitzaizkigun.

OHOean hasi genituen gure ikasketak, oraindik ikastolek ez zutenean erabaki publiko edo pribatuak izango ziren. Hezkuntza sistema aldatu eta DBH jarri zen martxan, gu izan ginen egungo sistemaren aitzindariak. Gerora, jada unibertsitatean, Bolonia Plana ezarri zen, hala moduz, eta, berriro ere, garai hartan karrera hasi genuenok ez plan zaharrean ez berrian ikasi genuen. Ikasgai batzuetan libre ginen klasera ez joateko, baina Europar Kredituak zituztenetan egunero asistentzia sinatzera behartu gintuzten eta hamaika lan txiki entregatu behar genituen.

"Protomillennialak gizaldi-saiakuntza gara. Gaztaroan afektu falta izan duten umeak bezalakoxeak, nagusiak direnean giza-harremanetan trebeak izango ez direnak bere garaian ikasi behar izandako gaitasunak garatu ez zituztelako"

Mundu analogikoaren lur-jotzea ere bizi izan dugu. Haurtzaroan zintak entzuten genituen, CDak eta Mp3ak pasatzen ikusi ditugu, gaur egungo musika ikusezin digitalera heldu garen arte. Internet disfrutatzen lehenengoak izan ginen, baina, nolabait, guztiz garatu gabeko haitzulotar-Interneta. Telefono linea okupatzen zuen, kable sorta majoa behar zen funtziona zedin eta, hala ere, mantso-mantso zihoan. Aipagarria da normalean etxe bakoitzeko ordenagailu bakarra zegoela. Internet senitartekoekin partekatu beharra zegoen. Gerora sakelako telefonoak etorri ziren. Pantaila ñaño txuri-beltzak, plastikozko tekla bigunak eta antena lodia zeukaten tramankulu liluragarriak. Ordura arte telefono finkoak, portero automatikoak, oihukatzea eta gutunak ziren komunikatzeko genituen bideak.

Honekin guztiarekin zera esan nahi dut, protomillennialak gizaldi-saiakuntza garela, alegia. Gaztaroan afektu falta izan duten umeak bezalakoxeak, nagusiak direnean giza-harremanetan trebeak izango ez direnak bere garaian ikasi behar izandako gaitasunak garatu ez zituztelako. Haurtzaroa mundu analogiko eta hazkunde ekonomikoan bizi izateak, teknologia berriekiko eta krisi ekonomikoarekiko harremana baldintzatu digu, halabeharrez.

Ez da erreza honelako gai bati buruz idaztea nostalgiari enegarren apologia egin gabe. Millennial klasifikazioak dakartzan hutsuneak aipatzea zen helburua. Nolabait esan, XXI. mendeko Tiktaalikak gaituzuela.