argia.eus
INPRIMATU
Protokoloa “gaizki eta berandu” ezarri du Osakidetzak
  • Gasteizko Txagorritxuko ospitaleko langile batek koronabirusaren sintomak zituela adierazi arren, test medikua lau egunera egin ziotela salatu du ELAk. Azterketa medikoak positibo emanda, Arabako “0 pazientea” identifikatu dute, baina positiboa eman duenerako gutxienez beste hiru osasun langile ere kutsatu dira ospitalean.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 03a
Emakume bat maskarilla jantzita Txagorritxuko ospitale kanpoan.

Osasun langileen artean hedatu da izurritea Gasteizen. Txagorritxuko lehen kutsatuarekin harremanetan egon diren langileak berrogeialdian daude, baita Olarizuko anbulatorioko langile guztiak ere.

Esther Saavedra ELAko ordezkariak GARAri egindako adierazpenetan, Osakidetzak “prebentzio falta” izan duela adierazi du, eta protokoloen erabileran “porrot izugarria” izan dela. Horrez gain, LABek salatu du lehenengo kasu positiboa publiko egin eta gero ezarri zuela protokoloa Osakidetzak.

Osasun langileak kutsatu izanak izurritearen arriskua areagotu dezake, mota guztietako gaixoekin duten harreman zuzenagatik. Horregatik, Espainiako Estatuko Osasun ministro Salvador Illak osasun langileek segurtasun neurriak zaindu behar dituztela azaldu zuen. Hau horrela, egitekoak ziren kongresu medikuak bertan behera uzteko gomendatu du, osasun langileen arteko hedapena ahalik eta gehien geldiarazteko.

Bide beretik joan dira Satse, CCOO eta UGT sindikatuak, egunotan egitekoak ziren mobilizazioak bertan behera utziz, birusa hedatu ez dadin.

Osasun langilerik gabe

Osasun langileen artean izurritea zabaldu denez, berrogeialdian daude horietako asko, Olarizuko anbulatoriokoak kasu. Txagorritxuko ospitalearen kasuan ere, langileetako asko berrogeialdian daude, eta ondorioz Santiagoko ospitaleko eta behin behineko listetako langileek joan behar izan dute lan egitera.

ELAk hori salatu egin du, argudiatuz ekipo osoak kontratatu berri diren aldi baterako langileek osatuko dituztela eta langile horiek bere lanari ekingo diotela“koronabirusari buruzko prestakuntza egokia jaso gabe”.